Iurre BIDEGAIN

Katalunia eta erabakitzeko eskubidea babestu dute Ipar Euskal Herritik

EH Bai, LAB eta Aitzinak antolaturik, Estatu espainiarrak Baionan duen kontsulatuaren aitzinean elkartu ziren barda. Hiru erakundeek urriaren 1ean iraganen den erreferenduma babesteaz gain, erabakitzeko eskubidearen alde jo dute Ipar Euskal Herritik.

Kataluniari sostengua helarazteko elkarretaratzea Estatu espainiarreko kontsulatuaren aitzinean iragan zen, Baionan. ©Isabelle Miquelestorena
Kataluniari sostengua helarazteko elkarretaratzea Estatu espainiarreko kontsulatuaren aitzinean iragan zen, Baionan. ©Isabelle Miquelestorena

Ipar Euskal Herritik babesa helarazi nahi izan diote Kataluniako herriari. Horretarako, EH Bai alderdi politikoa, LAB sindikatua eta Aitzina gazte mugimenduak elkarretaratze bat antolatu zuen barda Estatu espainiarrak Baionan duen kontsulatuaren aitzinean.

Hiru erakundeetako bozeramaileek azaldu dute zergatik erabaki duten urriaren 1ean iraganen den erreferenduma babestea.

 

Anita Lopepe (EH Bai): "Guretzat Kataluniako prozesua defenditzea gure burua defenditzea da ere"

"Guk Kataluniako erreferenduma babesten dugu sinpleki guretzat galdetegia zilegi delako. Erreferendumak herri oso baten zilegitasuna du. Urriaren lehenean gertatuko dena prozesu demokratiko oso baten ondotik heldu da.

Autonomia estatutuen bilakaera batentzat, Espainiar konstituzioaren baitan aurreikusten diren hainbat aukerak behin eta berriz errefuxiatuak izan zaizkio Kataluniari. Horrek ekarri du Kataluniako herritarren gehiengo batek pentsatzea Espainiako koadro horren baitan ez zutela aurkituko aterabiderik beren herriarentzat.

Planteatzen dena da, sinpleki, galdegitea katalanei beren herriren geroa nola ikusten duten. Gu ere Estaturik gabeko nazio bat garen heinean, guretzat Kataluniako prozesua defenditzea gure burua defenditzea da ere, nolazpait. Gure eskubide nazionalen defenditzea da ere".

Eñaut Aramendi (LAB): "Estatu espainiarrak hartzen duen errepresioaren bidearen aitzinean, ezin gara isilik egon"

"Alde batetik, Kataluniak erabakitzeko eskubide osoa du. Guretzat atzo bezalako eraso bat erabakitzeko eskubidearen kontrako eraso bat da. Hori salatu eta erabakitzeko eskubidea babestu nahi genuen. Baina ikusita Estatu espainiarrak hartzen duen errepresioaren bidea, betidanik erabili duena, ezin dugu horren aitzinean isilik egon. Kataluniak duen prozesuarekin bat egin behar dugu eta elkartasun osoz ibili behar gara.

Aitor Servier (Aitzina): "Independentziaren bidez, katalanek lortuko dute Estatu espainiarrean bizi ezin duten demokrazia"

"Atzo goizean ongi ikusi genuen Katalunian izugarrizko eskubide urraketa gertatu dela beste behin ere. Euskal Herrian badakigu nolakoa den Estatu espainiarraren izaera anti-demokratikoa eta atzo beste behin ere argi utzi du. Hala ere, uste dugu gaur egun Katalunia geldiezina dela. Nahiz eta atzo goi kargudun batzuk atxilotu dituzten herriak hartu du prozesuaren gidaritza eta katalanek argi eta garbi diote bozkatu nahi dutela urriaren lehenenean aske izateko.

Atzoko gertakariak deskribatzeko bada esaldi biziki egokia, garaian CUPeko diputatua den David Fernandezek bota zuena: «Independentziarako bide demokratikorik ezean, independentzia da demokraziarako bide bakarra». Gu konbentzitua gara independentziaren bidez, katalanek lortuko dutela Estatu espainiarrean bizi ezin duten demokrazia hori".