Kazeta

Barne eztabaida prozesua abiatu du ETAk

Gara egunkariari bidalitako oharrean barne eztabaida abiatu duela iragarri du ETAk. Prozesu horren baitan, "Euskal Herrian abiarazi behar den herri prozesu independentista baldintzarik egokienetan garatzeko" ETAk zer egin behar duen eztabaidatuko du.

Felix Likinianok aizkorarekin eta sugearekin egindako tailu originalaren irudia.
Felix Likinianok aizkorarekin eta sugearekin egindako tailu originalaren irudia.

Berriki zendu den Kepa del Hoyo euskal presoa omenduz hasi du ETAk bere azken agiria. Del Hoyoren heriotzaren erruduna "kartzela politika ankerra" dela dio erakundeak. "Hamarkadotan pairatutako gatazkaren ondorioek konpondu gabe segitzen dutela gogorarazi digu gordinki Keparen heriotzak, mendeku gose direnek dena trabaturik nahi dutelako".

Badira hilabete batzuk iragarri zuen barne eztabaida martxan dela jakinarazi du ETAk. Metodoa garatzen ari da, dagoeneko. Horretarako, erakundearen historia eta gaur egun arte egindako ibilbidea aztertuko du.

Agirian azaltzen duen bezala, eztabaida hilabete batzuk gibelatu behar izan du bi arrazoiengatik. Alde batetik, "armagabetzeak berak eskatutako lanagatik" eta bestalde, "Ezker Abertzalearen baitan garatzen ari ziren beste eztabaida batzuk ez trabatzeagatik".

Prozesu horretan gai bakar bati buruz eztabaidatuko duela argi utzi du: "zer egin behar du ETAk Euskal Herrian abiarazi behar den herri prozesu independentista baldintzarik egokienetan garatzeko, erabakitzeko eskubidea egikaritzea ekarriko duen indar metaketa errazteko".

Agerian utzi duenez, "eztabaidaren garapena eta ondorioak zein onurak modu okerrean baldintzatzearren presio politiko-mediatikoa egon daitekeela" badaki. Haatik, intoxikazioa, operazio edo adierazpenei aurre egiteko, kidegoak "hitza eta erabakia" izanen duela nabarmendu du.

Likinianoren tailu originala

Azkenik, eztabaidaren garrantzia historikoa nabarmentzeko xedez, ohiko anagrama Felix Likinianok egindako tailuarekin ordezkatuko duela aipatu du. Hots, irudi berria erabiliko du etorkizuneko agiri, komunikazio edo gutunetan.