Iurre BIDEGAIN

Ateak ideki ditu Seaskaren Etxepare lizeo berriak

Hiru ehun ikaslek ikasturtea hasi dute Seaskaren lizeo berrian, irailaren 4ean. Sail orokorra eta profesionala proposatzen dituen ikastetxearen estreinaldia irailaren 16an antolatu du elkarteak. Proiektuak "merezi duen bezala", besta polita antolatuko duela aitzinatu du.

Gogotsu eta ilusioarekin. Horrela sentitzen da Iban Thicoipe, Bernat Etxepare lizeoko zuzendari berria. Urte bat pasa da lehen kamioek obrei hasiera eman zizkietenez geroztik. Hamabi hilabete baino gehiagoko lana ondoren, ateak ideki ditu Seaskaren ikastetxe berriak.

Thicoipek hark sentitzen duena ikasleen artean ere nabari dela adierazi du. Bere aburuz, gazteen artean ere ezinegon polit hori sentitzen da. Haien burua zentro berrian nola kokatuko duten jakin nahi dute. Ikusmin hori bizirik dago.

Orotara, 300 ikasle errezibituko ditu eraikin berriak. Horietako 27-28k arlo profesionalean ikasiko dute. Hain zuen, aurtengo ikasturtean bere eskaintza zabaltzea lortu du Seaskak. "Lizeo berria irekitzea pausu biziki garrantzitsua da. Alde batetik, eraikuntza mailan, Seaskak hasieratik ezagutu duen inbertsiorik handiena da, 10 milioi euroko proiektua da, hain zuzen. Bestalde, pausu handia da lanbide heziketa idekitzea", aipatu du zuzendariak.

Proiektua hasi zutenetik, hainbat zailtasun gainditu dituztela nabarmendu du Thicoipek. Oztopo horiek lehenik eta behin administratiboak izan direla azpimarratu du. Oroitarazi behar da Hezkuntza Nazionalak ez zituela bi arlo profesional ideki nahi kopuru tipiegiak zirelako. "Azkenean ofizialki bakarra eskaini dute, baina Seaskak beregain hartu du bigarrena idekitzea inportanta delako eskaintza anitza hori proposatzea", erantsi du.

Halaber, arlo profesionalean zein sail idekitzerakoan zalantzak izan dituztela kontatu du. Horretarako, ikerketa bat burutu du elkarteak. Hain zuzen, beharrak agerian utzi ditu. Zein sail interesgarriak izan zitekeen euskararentzat. Hau da, zein ziren euskararen beharra zuten arlo profesionalak.

"Milesker"

Dokumentazio zentroko bistak eta biltxokoaren goxotasunaz gozatzen ahalko dute ikasleek. Lehen solairuan administrazio gelekin batera, besteak beste, laborategi gelei sarbidea ematen die pasabide laranjak. Bigarren solairuan, ordea, Euskal Herriko mendi anitzen izenek gelak izendatzen dituzte.

Gainera, lizeo berriaren kiroldegiak eskaintza zabala proposatuko du. Proiektuari pentsatzerakoan, kiroldegiak izan zituzkeen beste funtzioei ere pentsatu dute arduradunek. Adibidez, ikusgarri gela bat izan daiteke baita pilota partidak ere antolatzeko gunea.

Zentro berriak idekitzen dituen egunean Iban Thicoipek mezu argi bat helarazi nahi izan die ikastetxearen alde jo dutenei: "Milesker". "Jendeak ulertu du kanpainarekin Ipar Euskal Herrian lizeo eta sistema bakarra garela euskaldunak hazten eta hezten ditugunak. Kanpaina behar-beharrezkoa zen eta biziki pozik gara", ohartarazi du. "Hazten dugu, hazten gaitu" kanpaina negura arte iraungo duela azaldu du zuzendariak.