Kazeta

AOC sor-markaren ospakizuna antolatu du Kintoak

Kintoa Euskal xerriaren elkarteak AOC sor-markaren edukitzea ospatuko du Alduden heldu den urriaren 15ean. Orain arte egindako lanaren aitorpena goraipatuko du antolatu duen egitarauan.

AOP sor-marka lortzeko prozeduran murgildua dago Kintoa elkartea.
AOP sor-marka lortzeko prozeduran murgildua dago Kintoa elkartea.

Iazko abuztuaren 6an aitorpena Aldizkari ofizialean argitaratu zuten. Hau da, Kintoa Euskal xerriak AOC sor-marka eskuratu zuen. Horren karietara, elkarteak besta bat antolatzea erabaki du. Ekimena abuztuaren 15ean iraganen da Alduden. Taldeaz gain, AOC sor-marka duten beste ehun bat ekoizle presente izanen dira.

Besta dela eta, egun osoko egitaraua prestatu du Kintoak. Jaian euskal xerriaren historia goraipatuko du dastaketa, erakusketa baita tailerren bidez ere. Hala nola, adituek xerriaren mozketari buruzko azalpenak eskainiko dituzte. Animazioen bidez, arraza ezagutaratzeko xedea du erakundeak.

Gisa berean, proposatuko duen hitzaldiarekin xerriaren gizenaren garrantzia azpimarratu nahi du elkarteak. Bazkarirako, sukaldariek Kintoarekin menu bat prestatuko dute.

Etengabeko garapena bizi izan du elkarteak. Gaur egun, 75 ekoizlek taldea osatzen dute. Urtero, 3.000 xerri hiltzen dituzte 230 herri baino gehiagotan. Etorkizunari begira, aitzin pausuak egin eta proiektuak gauzatu nahiko lituzke. Hain zuzen, "Urdaiazpiko idorraren akademia" deituriko egitasmoa burutu nahiko luke Estatu espainiarra, Portugal eta Italiarekin. Baldintza hoberenetan produktuak dastatzeko "artea" erakutsi nahiko lukete.

Ildo beretik, Kintoa Euskal xerria elkarteak AOP sor-marka lortu nahiko luke. Horretarako, prozeduran murgildua dago. Horri buruzko emaitza ezagutarazten ahalko luke Aldudeko besta baino lehen.