Xan Idiart

Nafarroako historia Donibane Garaziko mediatekan ikus, ikas, eta irakurgai

Euskal Elkargoa eta Lehengo Nafarroaren lagunak elkarteak hitzarmen bat izenpetu zuten agorrilaren 4ean. Horri esker, Donibane Garaziko mediatekak 1.000 bat obra eskuratuko ditu.

Lehengo Nafarroaren lagunak eta Euskal Elkargoak hitzarmen bat izenpetu dute agorrilaren 4ean Donibane Garaziko mediatekan. © Isabelle Miquelestorena
Lehengo Nafarroaren lagunak eta Euskal Elkargoak hitzarmen bat izenpetu dute agorrilaren 4ean Donibane Garaziko mediatekan. © Isabelle Miquelestorena

Elkartasunezko keinu polita da. Lehengo Nafarroaren lagunak izeneko elkarteak hitzarmen bat izenpetu zuen agorrilaren 4ean Euskal Elkargoarekin. Hitzarmen horri esker, elkartearenak diren 600 bat liburu eta 1.000 aldizkari eskuratuko ditu Donibane Garaziko mediatekak.

Garazi-Baigorri herri elkargo ohiko presidentea den Beñat Arrabit hurbildu zen mediatekara. Bruno Carrère Euskal Elkargoko ondarearen kontseilari delegatua ere bertan zegoen. Bere hitzetan: "Gure eskualdea anitz mugitzen da kulturalki. Gaurko hitzarmena horren lekuko da". Liburu eta aldizkariak iraila hastapenean izanen dira mediatekan.

Hitzarmena bihotzetik eskertu du mediatekako zuzendaria den Maryse Benicek. "Horrelako material bat ukaitea benetako xantza da guretzat". Mediateka aitzina doala erran du berak.  Laurogeita hamarreko hamarkadan sortu zen biblioteka garaian, eta 2010ean Herri Elkargoaren esku geratu denetik, aurrerapauso handiak egin ditu. Urte horretan, 3.500 liburu erosi genituen. 6.500 berriz ondoko urtean, eta hor 1.000 liburu eta aldizkari ditugu kitorik".

Nafarroa ezagutarazi nahi

Lehengo Nafarroaren lagunak elkarteko kideei dagokienez ere biziki kontent dira hitzarmenarekin. "Gu Baxe-Nafarroakoak gara, eta eskualdeko zerbitzu bat laguntzea hain zuzen ere gure eskualdea ezagutarazteko ongi baino hobeki etorri zaigu" esplikatu du elkarteko lehendakaria den Louis Gentien-k.

1962an sortu zen elkartea, bi helbururekin: batetik, Hego Nafarroarekin harremanak sendotzea, eta bestetik, Baxe Nafarroako ondare eta historia ezagutaraztea. Horretarako, hainbat ikerketa eta mintzaldi antolatu ohi ditu. Horrez gain, aldizkari bat argitaratzen du urtero, zeinaren barnean Nafarroari buruzko zenbait artikulu irakurgai diren. Beren lanak Donibane Garaziko mediatekari esker zabalduko dira, dudarik gabe.