Kazeta

Eguneko harrera gunea: Euskal Elkargoari laguntza eskatu dio Baionak

Hetsia den Baionako harrera gunearen egoera konpontzeko, aterabideen bila dabil Herriko Etxea. Uztailaren 19an iragan den herriko kontseiluan Jean-René Etchegaray auzapezak zentro berri bat idekitzeko Euskal Elkargoaren laguntza beharrezkoa dela nabarmendu du.

Ekainaren 30az geroztik, Baionako eguneko harrera zentroa hetsia dago. ©Isabelle Miquelestorena
Ekainaren 30az geroztik, Baionako eguneko harrera zentroa hetsia dago. ©Isabelle Miquelestorena

Sanotasun eskasa dela eta, ekainaren 30an Baionako eguneko harrera zentroa hestea erabaki zuen Atherbea elkarteak. Hain zuzen, beharretan direnak aterpetzen zituen gunea arratoi eta labezomorroz beterik zegoen. Geroztik, aterabideak bilatzen ari da Herriko Etxea. Abuztuaren 4ean, bilkura berri bat iraganen da Herriko Etxea eta elkarte kudeatzailearen artean.

Premiazko irtenbide gisa, egoitzan lanak burutzea aurreikusi lukete. Aldi berean, eraikina handituko lukete. Nabarmentzekoa da zentrora hurbiltzen diren lagunen kopurua garatu dela azken urteetan. Egunero laurogei pertsonei laguntza eskaini diete, gehienez. Obrak Baionako Herriko Etxeak finantzatuko lituzke.

Jean-René Etchegaray auzapezaren aburuz, aterabide horrek ez lieke, denborarekin, zentroak dituen beharrei erantzungo. Zentro berri bat idekitzekotan, Euskal Elkargoak finantzatuko beharko luke. Anitzetan, eguneko harrera zentrora jotzen dutenak Milafranga, Ezpeleta, Beskoitze eta Hazparnekoak dira. Hori dela eta, Baionak ez lioke bakarrik aurre egin behar kostuari.

Azken aste hauetan Herriko Etxeak hainbat bilkura antolatu ditu eraikin berri bat atzemateko xedez. Oroitarazi behar da, harrera guneak 2002az geroztik behartsuenei laguntza eskaintzen diela. Zerbitzu sozialaz gain, dutxa baita oihal garbitegiko zerbitzua ere baliatu dezakete. Iaz, 22.500 pertsona baino gehiago lagundu zituen zerbitzuak.