Haritz LARRAÑAGA

Segitu beharreko bideari so jarri dira besten azken egunean

Bost eguneko ospakizunen ondoren, barda bukatu ziren aurtengo Baionako bestak. Iruñeari eskainitako egunean Nafarroako ordezkariak hautetsi zein herritarrekin elkartu ziren. Halaber, Bakearen artisauek abenduaren 9an Parisen iraganen den manifestaziora joateko deia luzatu zuten argazki erraldoi baten bidez.

Iruñeko Herriko Etxeko ordezkariak Baionara hurbildu ziren besten azken egunean. ©Bob EDME
Iruñeko Herriko Etxeko ordezkariak Baionara hurbildu ziren besten azken egunean. ©Bob EDME

Iruñeko herriari eskainitako egunak eman zion amaiera bost eguneko jai etengabeari. Euskal preso politikoek ere presentzia berezia izan zuten uztailaren 30ean, San Andres plazan bakearen artisauek egin zuten elkarretaratzean lehenik eta urtero Patxa plazan egiten den herri bazkarian jarraian, Garako artikuluak azaldu duenez.

Asteburuan sekulako jende oldeak gainezka egin ostean apur bat lasaitu ziren karrikak, eta, ohi den moduan, bertakoak izan ziren besta egiten jarraitu zutenak. Egitarau ofizialean zein elkarteek antolatutako ekimenetan, bazuen non hautatu besta egiteko gogoz zenak.

Iruñea-Baiona

Iruñearen eguna zen igandekoa; izan ere, 1960. urtean senidetu zirenetik bi hiriburuen arteko harremanak ez du etenik izan eta beti izan dute beren txokoa nafarrek Baionako bestetan. Egun gainera, "gero eta harreman handiagoa" izaten ari direla azpimarratu zuen Patricia Perales Iruñeko auzapezordeak.

Iruñeko eta Baionako udal ordezkariak San Andres plazatik abiatu, eta Askatasun plazara bitarteko bidea egin zuten desfile ofizialean. Etchegaray auzapeza, pozarren agertu zen, zeren "gu Iruñean izaten garenean bezala, beraiek hemen izatea ere plazer handi bat da".

Udaletxera iristean, Peralesek Leon erregea iratzartzeko ohorea izan zuen. Udaletxekoa ordea, ez zen izan Iruñeko hautetsiak parte hartu zuen ekitaldi bakarra; izan ere, goizean goizetik Zizpa gaztetxeko kideekin ibili zen kalez kale.

Kanboko zigante eta buruhandiekin, eta Baigorriko dultzaineroekin, Baionako kale esanguratsuenak zeharkatu zituzten. "Guretzat hemengo jendearekin egotea poz handia da, ez bakarrik instituzioetan, kalean ere egon behar dugu", nabarmendu zuen hautetsi nafarrak.

Euskal presoak gogoan

Iruñearekin batera, euskal presoak izan ziren protagonista. Gazte asanbladak antolatutako kalejira San Andres plazara iritsi zenean, ziganteek atseden hartu zuten "orain presoak" zioen pankarta handi baten ondoan, eta dultzaineroek etxe bateko lehen solairutik abesten ari ziren Nat eta Wats musikariei pasatu zieten lekukoa.

Trikitilariek ere bat egin zuten elkarretaratzearekin. Pixkanaka, jendea pilatzen hasi zen eta bozgorailu batekin parte hartzaileei jarraibideak ematen zizkieten antolatzaileek. 12:30ean jende andana zen San Andres plazan, eta buruen gainetik esku zuridun bola urdin erraldoi bat zebilen airean.

"Hator, hator" abestia kantatzen zuten bitartean, afixak jaso zituzten manifestariek eta presoen kaleratzea eskatzen zuen oihurik ere izan zen. Amaieran, berriz ere dantzari ekin zioten Kanboko ziganteek, eta haien atzetik jende multzo handi bat Patxa plazara abiatu zen, han baitzen hurrengo hitzordua, presoen aldeko herri bazkaria.

Antolatzaileetako baten esanetan, "azken egunean presoen alde egiten den bazkaria 80ko hamarkada amaieratik egiten da. Hasieran kalean egiten zen, baina udalak ez zela posible esan zigun, anbulantziak pasatzeko kaleak libre egon behar zuela, eta horren ostean hasi ginen plazan egiten, Patxokiko kideen laguntzarekin".

Presoen aldeko bazkarian 240 lagun elkartu ziren. Abenduaren 9an euskal presoak Euskal Herriratzeko Parisen egingo den ekitaldira joateko deia zabaldu zuten herritarrak ere ehunka izan ziren. Eta horrela, bestak amaitu aitzin, aurrerantzean jarraitu beharreko bidea ongi marraztuta utzi zuten baionarrek.