Haritz Larrañaga

Baionan beste gisa batez besta egiteko lanean ari da Zizpa gaztetxea

Patxa plazan hamar urte daramate besta alternatiboa antolatzen eta Zizpa gaztetxeak urtebete darama ateak zabalik. Jokin Dufourg Gazte Asanbladako kideak jai egun hauek nola bizi dituzten esplikatu digu.

Zizpa gaztetxeari esker, bertsolarik Baionako bestetan ziren aurten. © Bod Edme
Zizpa gaztetxeari esker, bertsolarik Baionako bestetan ziren aurten. © Bod Edme

Zizpa gaztetxea 2016ko urtarrilean ireki zen, baina aurrez, 2008. urtetik jada lanean ari ziren Baionako Gazte Asanbladako kideak. Festetarako gune alternatibo bat sortzearen ideia ordea, asanbladaren sorrera baino urte bat lehenagokoa da. 2007an «Patxa plaza okupatzen» hasi ziren bestetan. Ondorioz, aurtengoan hamargarren urteurrena ospatzen ari dira.

Egun hauetan gaztetxea itxi eta Atturri ibaia zeharkatzen dute gazteek besta gunean bete-betean sartzeko. Jokin Dufourg, Zizpako kideak, kalean egotearen garrantzia azpimarratzen du: «Gure helburua gaztetxea lortzea zen, gune finko bat izan eta ekimenak egiteko, baina hala ere kalean segitzen dugu, batez ere Baionako bestetan, erakusleiho bikaina baita».

Balioen araberako bestak

Festetan bakarrik ez, urtean zehar ere sarri ateratzen dira kalera Zizpako gazteak, eta jaietan bezala, beraien ekimenak burutzeko ohiko eremua Patxa plaza izaten da. Esaterako, «ekainean izaten den Musikaren Egunean, kontzertu aunitz egiten ditugu Patxa plazan, eta horrez gain, bertso-poteoak, eta antzeko animazioak egiten ditugu», azaldu du Dufourgek.

Egunerokoan balio batzuen arabera lan egiten dute Zizpa gaztetxean, eta jaietan ere balio horiek sustatzen saiatzen dira.«Festei begira, helburua Baionako herriari festa egiteko beste molde bat eskaintzea da, merkeagoa, giro euskaldunean, kontzertu euskaldunekin, non errespetatzen den aniztasuna, ez diren eraso sexistak onartzen eta tokiko produktuekin lan egiten den», nabarmendu du gaztetxeko kideak.

Gaur Gazte Eguna dute, baina baionarrentzat biharkoa da egun bereziena. Dufourgen iritziz, «egun handiena larunbata da, bazkaria, kontzertuak, jende gehien biltzen den eguna da, baina gutako askok gehien maite dugun azkeneko eguna da».

Hain zuzen ere, bihar, hamarrak aldera Zizpaperitifa egiten da eta jarraian poteoa abiatzen dute Kanboko ziganteekin eta beste elkarte eta mugimenduetako lagunekin. Zizpako kidearen esanetan, «elkargune bat da beste elkarteekin, zeren urtean zehar lan egiten dugu haiekin eta egun horretan gonbidatzen ditugu gurekin besta egitera. Gero presoen aldeko bazkaria izaten da, Nat eta Watsonekin girotua, aurreko egunetan baino giro lasaiagoa izaten da, eta biziki maite dugu».