Kazeta

Baionako bestak bi aldiz lehertu dira

Uztailaren 26an, Baionako bestei hasiera eman diete ofizialki herriko etxeko balkoitik. Hedabideetako pertsona ezagun batzuek bota dituzte gakoak. Aldi berean Baiona Tipian, besta alternatiboak puri-purian dira.

10ak aldera ideki ziren bestak ofizialki. © Isabelle MIQUELESTORENA
10ak aldera ideki ziren bestak ofizialki. © Isabelle MIQUELESTORENA

Anne-Sophie Lapix kazetaria, Céline Dumercq saskibaloi jokalaria eta Christian Etchebest sukaldaria. Horiek izan dira uztailaren 26an, Baionako bestak has zitezen, Herriko Etxeko balkoitik giltzak bota zituztenak. Bestek berriz, uztailaren 30a arte iraunen dute Lapurdiko hiriburuan.

"Izar" horien ondoan, bestak ahalbidetzen dituzten pertsonak ere eskertu zituzten hiriko agintari eta besta komiteko kideek. Gurutze Gorriko eragileak balkoira igo ziren adibidez. Haietaz gain, Or Konpon peñako ordezkariak, edota hiriko kirol elkarterik zaharrena den Baionako itsas elkartekoak ere itsaso gorriaren aitzinean agertu ziren.

Aldi berean Baiona tipian, besta alternatiboei hasiera eman zioten Zizpa gaztetxeko kideek. Bertsuak entzun ahal izan ziren batez ere. Pyrénées ostatuko lehiotik, suziriak bota zituztenen artean, Hego Sudaneko errefuxiatu bat, LGBTen eskubieen alde diharduen Les Bascos elkartea eta karrikako hezitzaileak aurkitzen ahal ziren.

Zizpa gaztetxekoek jadanik azaldu zuten bezala, besta alternatiboak herritik eta herriarentzat antolatzen dituzte Patxa plazan. Bestalde, euskal giroa ongi baino hobeki nabarmenduko da Karrikaldi izeneko ekitaldietan. Ekimen hori, berriz, Jacques-Portes plazan iragaiten da ostegunetik igandea arte, arratsaldeko 4:30etatik gaueko 11etara. Programa osoa hemen ikusgai dago.