Kazeta

Mixel Thicoipe idazle eta musikaria zendu da

Mixel Thicoipe euskal idazle eta musikaria zendu da uztailaren 18an. Arratsalde honetatik aitzina bisitak egiten ahalko dira Donapaleuko Guichandut ehorzketa etxean. Azken agurra emanen diote uztailaren 21ean Akizen.

 

Mixel Thicoipe zendu da 69 urtetan.
Mixel Thicoipe zendu da 69 urtetan.

Eritasun kroniko baten eraginez, Mixel Thicoipe zendu zen uztailaren 18an. Euskal idazle eta musikaria Amikuzeko Amendüze herrian jaio zen eta gaur egun Domintxainen bizi zen, Xiberoko Pettarrean. Ostiralean azken agurra emanen diote, bere gorpua erreko dute Akizen 17.00etan, hain zuzen.

Kantagintzan ibilitakoa zen Mixel Thicoipe. Kantu anitz idatzi zituen. Hirurogeita hamar hamarkadan Xorrotxak taldean aritu zen. Kideekin batera, kantaldietako musika mota eskaintzen zuten. Ondoren, Kilika taldean parte hartu zuen eta dantzaldi talde biarnes batean ere bai.

Jojo Bordagaraik oroitarazi duen bezala, bere kantuetan euskal jendartea aipatzen zuen "beti ikuspegi zorrotz batetik". Bordagarai, Thicoipek berak eta Bernadette Bordagaraik, besteak beste, sortu zuten Pil-Pil taldean aritu izan zen. Duela guti, amikuztarrak talde horrekin azken kontzertua eskaini zuen Mauleko zineman.

Idazle eta sindikalista

"Beti izan du idazteko tirria", nabarmendu du Joko Bordagaraik, eta ez bakarrik kantuak. Bere biziaren bigarren partean heldu baziren ere, hiru liburu argitaratu zituen Maiatz argitaletxearekin. Lehena, "Hotz bero" izan zen, 2007an plazaratutakoa. Ondoren, "Roman de Renart" frantsesezko Erdi Aroko lanaren egokitzapena egin zuen: "Gorrail Azeria". Hirugarren ekoizpenak "Jin bezala" zuen izenburu.

"Bere istorioak xalotasun batean idazten zituen, goxotasunarekin. Goxotasun horretan Mixel zen bezala ikusten zen", kontatu du Mattin Irigoien amikuztarrak. "Bere ipuinetan errespetu handi bat bazen", erantsi du, "eta pertsonak beren gogoz bizi ziren, askatasun osoz".

Maiatzen engaiatu zen bezala, sindikalismoan ere lanean ibili zen Mixel Thicoipe, Lur Berri kooperatiban lan egiten zuenean.