Iurre BIDEGAIN

Baiona: besta alternatiboak herritik eta herriarentzat

Beste urte batez Baionako besta alternatiboak antolatu ditu gazte asanbladak. Herriko Etxearen ereduarekiko ezadostasunak gidatuta, herritik eta herriarentzat den egitaraua prestatu du. Hiru gai jorratuko dituzte ospakizunetan: eraso sexisten kontrako jarrera, euskararen presentzia eta Zizpa Gaztetxearen izpirituaren hedapena.

Presoen aldeko bazkaria igandean iraganen da. © Bob EDME
Presoen aldeko bazkaria igandean iraganen da. © Bob EDME

Aurten ere, Baionako Patxa plazak gazte asanbladaren egitarauaren topagunea izango da. Programa alternatiboaren bidez Herriko Etxeak zabaldu nahi duen ereduarekiko ezadostasuna agerian utzi nahi du. Horretarako, uztailaren 26etik 30era gustu guziak asetzeko xedea duten animazioak antolatu ditu.

"Ez gara ados ematen den Baionako besten itxurarekin. Giro frantses horrek ez du bat egiten Euskal Herriko besta baten ereduarekin. Alternatiba eskaini nahi dugu", azaldu du Liliana Iriartek Gazte asanbladako kideak. Gaur egun kanpotarrentzat bestak "mozkortu eta zernahi" egiteko parada hutsa direla uste du gazteak. Horren aurrean, "guk nahi ditugun bestak" antolatzearen garrantzia nabarmendu du.

Hitzetik ekintzara pasatzeko eta batez ere izpiritu kritiko horri forma emateko, egitarau sakona antolatu du. Programaren bidez hiru gai sakonduko ditu. Alde batetik, Baionako bestak parekideak izan behar direla argi utzi nahi dute gazteek. "Ez ditugu eraso sexistak onartzen. Jarrera horiek eta eraso molde ezberdinak salatu behar ditugu. Besta sanoen aldekoak gara", aipatu du Iriartek. Parekidetasun hori bilatzearen ildotik, mugimendu feministak plantan ezarri duen kanpaina baita protokoloarekin ere bat egiten duela azpimarratu du.

Bestalde, agiri batean zabaldu duenez, asanbladaren aburuz, Baionako Herriko Etxeak "parekidetasuna errealitate bihurtzeko" pausu eta ekimenak egin beharko lituzke. "Izan ere, instituzioen eta gehienbat Herriko Etxearen indarra ezinbestekoa izanen da Baionako bestak parekideak bilakatu daitezen".

Bestetan euskarari ematen zaion "leku urria" deitoratu dute gazteek. Hala nola, oroitarazi behar da irekidura ofizialean bertsoa bertan behera uztea erabaki zuela Herriko Etxeak. Asanbladari "onartezina" iruditzen zaio. Hori dela eta, asteazkenean 19.00etan San Andres plazan iraganen den irekidura alternatiboan bertsoak merezi duen tokia izanen du.

Azkenik, Zizpa Gaztetxearen izpiritua eta jarrera zabaldu nahi du taldeak. Azken urteetan aldarrikatu duten tresna "ezinbestekoa" dela frogatu du. Bide batez, gunearen arrakasta ospatzeko baliatuko ditu aurtengo bestak.

Programazio anitza

Aipaturiko balioak Patxa plazan gaineratzeko programazio anitza proposatuko dute asanbladako kideek. "Gure helburua estilo ezberdinak biltzea da. Denek ukan dezaten maite duten zerbait", erran du Liliana Iriartek. Hala eta guztiz ere, euskal taldeei garrantzia eman nahi izan dietela nabarmendu du.

Irekidura alternatiboaren ondotik, ostegunean bertso aperitifa eta poteo feminista antolatu dituzte. Ostiralean, bertsoak proposatuko dituzte 12.00etan. Very Smaal, Orcherstra eta Afu nafarrak oholtza gainera igoko dira. Larunbateko Gazte egunean Aldiz, Kuartz, Xiberoots, Naughyt J eta DJ Jamesek giroa alaituko dute. Azken egunean, "Zizpaperitifa ziganteekin" izango da 10.00etan. Ondoren, presoen aldeko bazkaria antolatu dute Nat&Watsonek alaiturik.