Iurre BIDEGAIN

"Errezibitu gaituzte etxean baino hobekiago, etxekoak baikara, herri bat baita Euskal Herria"

Donostiatik atera eta Hondarribiara ailegatu da Paxkal Elgart uztailaren 12an. Beste geldialdietan bezala harrera beroa egin diote euskal presoen alde Getxo eta Baiona igerika lotzen dituen amikuztarrari. "Pozik eta hunkitua" dagoen kirolaria Lapurdiko hiriburura ailegatuko da uztailaren 14ean.

Akitua, baina oso pozik ailegatu zen Paxkal Elgart uztailaren 13ra Hondarribiara. Getxotik uztailaren 8an atera eta geroztik bere desafioari eusten dio: euskal presoei elkartasuna helaraztea. Euskal presoen aldeko dirua biltzea. Ostiralean, ekimenari bukaera emanen dio Baionan. Bertan harrera prestatu diote 18.00etan zubi gorrian.

Desmartxa bukatzeko presatua dela aitortu du amikuztarrak. Hala eta guztiz ere, orain arte egindakoaren emaitzarekin kontent dela azpimarratu du. Ildo beretik, jaso duen laguntza bihotzez eskertu du Elgartek. "Laguntza hori gabe ez dakit ailegatuko naizenez", dio kirolariak.

Hain zuzen, geldialdiak egin dituen hiri guztietan, hots, Bakio, Lekeitio, Zumaia, Donostia eta Hondarribian "bihotza berotzeko harrera" egin diotela aipatu du. "Errezibitu gaituzte etxean baino hobekiago, etxekoak baikara, herri bat baita Euskal Herria", erantsi du.

Azken txanpa gainditzeko indarrak dituela dio Elgartek. Biarritzetik Angelura eta Angelutik Baionara igeri eginen du uztailaren 14ean. Azken ongietorria eta gero, bere abenturaren berri emanen du Zizpa Gaztetxean.