Baiona: eguneko harrera zentroa hetsia sanotasun eskasiagatik

Atherbea elkarteak Baionako eguneko zentroa hestea erabaki du sanotasun eskasiagatik. Egoitza arratoi eta labezomorroz beterik dagoela deitoratu du.

Kazeta|12/07/2017 11:56|0 comentarios
Atherbea106
Baionako auzapezak behin behineko aterabide bat proposatu dio Atherbeari.© Bob Edme

Ekainaren 30az geroztik, Baionako eguneko harrera zentroa hetsia dago. Zentroa kudeatzen duen Atherbea elkarteak erabakia hartu du sanotasun eskasiagatik, Sud Ouest egunkariak azaldu duenez. Hain zuzen, egoitza arratoi eta labezomorroz beterik dagoela salatu du erakundeak. Herriko Etxeak beste eraikin bat eskainiko ez dion arte, zerbitzua bertan behera geldituko litzateke.

Atherbeak zerbitzu honen bidez behartsuenei laguntza eskaintzen die. Zerbitzu sozialen harreraz gain, dutxa edo oihal garbitegiko zerbitzua baliatu dezakete. Eraikinaren baldintzak direla eta, beste gune batera lekuz aldatuak izatea aldarrikatu du taldeak.

Jean-René Etchegarayk komunikabideari azaldu dionez, behin behineko aterabide bat atzeman dute. Hain zuzen, la Table du soir elkartearen etxe prefabrikatuak utziko dizkio Atherbeari. Aipaturiko elkarteak neguan bazkari bat eskaintzen die beharretan direnei.