Kazeta

Bakearen aldeko kantua eta bideoklipa aurkeztu du Kulturgileen Ekimenak

Luhusoko operazioaren haritik sortutako Kulturgileen Ekimenak bake prozesuaren aldeko kantua eta bideoklipa sortu du. Ipar Euskal herriko 35 bat kantari, idazle eta musikarik parte hartu dute. Irailaren 30erako Luhuson ekimen bat antolatuko duela iragarri du dinamikak.

 

Iazko abenduaren 16ean Bakearen artisauak atxilotu eta, Ipar Euskal Herriko hirurogei bat eragile biltzen hasi ziren, mobilizazioari sostengua helarazteko xedez. Arte munduko eragileek Euskal Herriko bake prozesuaren aldeko dinamikan parte hartzeko borondatea erakutsi zuten. Ildo horretatik, Kulturgileen Ekimena izeneko kolektiboa eratu zuten. Taldeak kantu sorkuntzari doakion bideoklipa aurkeztu du ekainaren 23an.

Lanean Ipar Euskal Herriko hogeita hamabost bat kantari, idazle eta musikarik parte hartu dute. "Hordago" izeneko kantua eta bideoklipa plazaratu dute, hain zuzen.

Horrez gain, heldu den irailaren 30ean Luhuson iraganen den ekimenaren berri eman dute. "12 ordu Bake Prozesuaren alde" lelopean, kantaldi, bertsolari, ekitaldi eta kontzertu eguna antolatu dute. Azaldu dutenez, egitarau zehatza heldu den asteetan jakinaraziko du Kulturgileen Ekimenak.

Sorkuntzaren berri emateaz gain, dinamikak abenduaren 9rako Bakearen artisauek Parisen antolatu duten mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu dute.