Idoia ERASO

Dantza, musika eta antzerkia Gernikako bonbardaketa gogora ekartzeko

Gernikan bonbak jaurti zituzten «txorien» inguruko ikuskizuna estreinatuko dute ekainaren 22an Donibane Lohizunen: "Txoria badator, txoria badoa - Gernika 80". Musika, kantua, dantza eta antzerkia taula gainera eramaten duen obran 320 bat pertsonek parte hartuko dute.

Alerta egoeragatik segurtasun neurri zorrotzak izango direnez, ordubete lehenago joatea gomendatzen da.
Alerta egoeragatik segurtasun neurri zorrotzak izango direnez, ordubete lehenago joatea gomendatzen da.

“Txoria badator, txoria badoa - Gernika 80” izenburua da obraren istorioa eta haria ulertzeko lehen bidea. Bizkaiko hiriaren bonbardaketa gertatu zenetik 80 urte iragan direnean aurkeztuko den obraren izenburua horrela azaldu zuen Xabi Soubeletek: "Txoriak hegazkinak dira, etortzen direnak, haien gorotza bota eta deus gertatu ez balitz bezala joaten direnak".

Ikusgarriak hiru atal ditu: “txoriak” heldu aurrekoa, bitartekoa eta joan ostekoa. "Lehen zatia Gernikaren bonbardaketaren aurretikoa da, alaitasuna, eguneroko bizitza, merkatua, opereta txiki bat merkatuan... Tarte horretan dantza eta kantu alaiak izango dira", jakinarazi zuen sortzaileak Gara egunkariari.

Lehen atalean Dominique Le Cazoulat dantza garaikideko koreografoaren lana agertzen da, besteak beste: "Dantza klasikoko irakaslearekin batera koreografia amankomun bat egin dugu, alaitasunean inspiratuta. Biak elkartu gara eta zerbait ezberdina osatu dugu; bateratu ditugu, euskal kultura lotura gisa erabiliz".

Bigarrenean, "larritasuna, bonbardaketa eta ondorioak" agertzen dira. Besteren artean, Soubeletek berak sortutako “Txoria badator, txoria badoa” kantua entzuten da, non Nat Cazarren musikak bonbardaketa aditzera ematen duen. Bideo batek lagunduta, hegazkinak eta bonbardaketa agertzen dira.

Bigarrenetik hirugarrenerako lotura “Beti astelehena” abestiaren bitartez egiten da. "Esan nahi du, astelehen batean izan zela bonbardaketa, eta astelehenez astelehen bizi garela. Agian egun batez, aste ‘lehen’ horiek, aste ‘azken’ bilakatuko dira", azpimarratu zuen Soubeletek idatzitako hitzez.

"Hirugarren atalean frankismoa da lehenik erakusten, baina baita herriaren eraikuntza, harriz harri, Gernika berriz eraiki behar baita. Frankismoaren ondotik leiho ireki bat, ortzadar bat, zerua urdintzen dela. Ea lehengo Gernikara hurbiltzen ahal garen, alaitasunera", erran zuen egileak. Tarte honetan, arte grafikoen bitartez, Picassoren “Gernika” obra agertzen da; margolanaren grisa eta beltza kolorez margotu dute Ilargi taldeko haurrek.

"Anaitasuna, beldurra eta esperantza" hitzekin definitzen du Patrice Dumora Watson musikari eta kantariak obraren egitura. Hiruretan agertzen da bera, Maddi Zubeldia kantariarekin batera obrari lotura emanez. Alde "folkly"-a jotzen dute, kantuarekin batera kitarra akustikoa eta trikitia elkartuz.

Elkarlana

Hemezortzi elkartek eta 320 pertsonak hartzen dute parte proiektuan. Xabi Soubelet dago ideiaren jatorrian. Lehenago bonbardaketari buruz idatzitako bi kanturen haritik obra bat sortzea otu zitzaion. Alderdi artistikoari elkarteetan egindako urteetako lana gehitu zion. Donibanen Kantuz-eko kide eta Begiraleak elkarteko presidenteak duela bi urte Herriko Etxeak antolatu zuen elkarteen topaketa batetik ateratako elkarlanerako grina ikusirik, egitasmoa herriko kurtur elkarteei hedatzea pentsatu zuen.

Urte eta erdiko lana izan da. Duela sei hilabete artista eta taldeengana hurbildu zen Soubelet. "Behin obraren haria idatzita, dena korapildua eta lotua zelarik, elkarteetara banan-banan joan nintzen. Bakoitzari esan nien zer egin behar zuten, eta denek baietz esan zuten, inork ez zuen ezetz esan, nahiz eta denak elkarte euskaldunak ez izan".

Dantza klasikoa, modernoa, euskal dantzak, antzerkia, folka, banda bat, Kanaldude bideo elkartea… arte adierazpenen aniztasuna da ikuskizunaren ezaugarri nagusietako bat. "Elkarteetako arduradunei beraien eginbeharra eman nien, batzuetan libertatea utzi nien, baina jakinez zer adierazi behar zuten. Dantza moderno eta klasikoko irakasleek edo antzerkigileek asmatu dute koreografia, baina jakinik nola kokatuta dauden harian", azaldu zuen zuzendariak.

Ikuskizunaren proiektua elkarte batzuk euskal kulturara hurbiltzeko ere balio izan du. Le Cazoulatek, errejidore lana ere egiten duenak, alde hori nabarmendu zuen: "Gaia ezagutu nuenean, harritu nintzen, eta euskal kulturari ahalik eta gehien lotzen entseatu nintzen. Euskal koreografia ez nuen ezagutzen eta dantza garaikidea egiten duten euskal taldeak ezagutu ditut honi esker. Interneten bilatzen aritu naiz, eta musika taldeak ere deskubritu ditut".

Borobiltzeko, sortzaileak hau dio: "Hiru agertoki egongo dira; argiak alde batetik bestera. Gernikan gertatu zena buruan edo bihotzean duenari arrastoa utziko dio; elkarteak bat eginda ikustea gustatzen zaionari gustatuko zaio; artistikoki nola eramana den, nola pasatzen den, ikusgarri handi baten itxura dauka; uste dut denak lotuta daudela horretan, eta merezi duela ikustera etortzea".

Emanaldi bakarra dago oraingoz programatuta, baina Gernikako Udalarekin harremanetan dira, bertan urtea bukatu aitzin antzezpen bat egiteko.