Kazeta

Baiona Tipiko eskola berriaren lehen harria ezarri dute

Baiona tipiak eskola berri bat izanen du heldu den ikasturtean. Obrek zortzi hilabete iraungo dute. Ekainaren 20ean Jean-René Etchegaray auzapezaren presentziarekin, eraikinaren lehen harria jarri dute.

Florence Lasserre diputatu berriak ekimenean parte hartu du. © Isabelle MIQUELESTORENA
Florence Lasserre diputatu berriak ekimenean parte hartu du. © Isabelle MIQUELESTORENA

Bonnat Museoaren handitzeko egitasmoa dela eta, burasoek eskola hetsiko zutela uste bazuten ere, azkenean aterabide bat atzeman zuen Herriko Etxeak. Hain zuzen, eskola berria Medikoak Peñaren eraikinean idekitzea erabaki zuen. Ekainaren 20ean lehen harria pausatu dute hautetsiek.

Jean-René Etchegaray Baionako auzapeza, Florence Lasserre bosgarren hautesbarrutiko diputatu berria eta Pierre Barrièrre ikuskariak ekimenean parte hartu dute, besteak beste.

Eskola berriaren egitasmoak 1,8 milioi euroko aurrekontua duela aipatu du Herriko Etxeak. Obrek zortzi hilabete iraun beharko lukete. 2018ko otsailean ateak ideki beharko lituzke, hain zuzen. Ikastetxea 50-55 metro karratuko hiru gela, irakasleen gela, liburutegi bat, eskolaldi inguruko gela bat eta aisialdirako espazioaz osatua izanen da.