Kazeta

"Baxoa euskaraz" pasatzeko aldarrikapena azterketaren abiapuntuan

Filosofia ikasgaiaren azterketak Baxoari hasiera emanen dio ekainaren 15ean. Bernat Etxepareko ikasleek euskaraz pasa ezin duten froga da. Seaska baita "Baxoa Euskaraz" kolektiboko ikasleek elkarretaratze bat antolatu dute Angelun azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea aldarrikatzeko.

Eskola handietara edo teknologiako zentroetara sartzeko txartela ematen duen azterketa atzo abiatu zuten Estatu frantsesean bezala aurten lizeoko azkeneko ikasturtea gainditu duten Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako ikasleek ere. Ipar Euskal Herria bere baitan hartzen duen Pirinio Atlantikoetako Departamenduko 5.000tik gora ikasle inguru aurkeztu dira atariko proba egiteko. Hiru euskal lurraldetan 2.000 baino gehiago dira. Gehiengoa izanik ere, gazteak ez dira, ordea, baxoa eskuratzeko azken asteotan ordenagailu, liburu eta laburpenen artean debora igaro duten bakarrak. Egutegi eta baldintza bereziak dituztelako sarritan aipatzen ez diren ikasleak ere badira, elbarritasunak dituztenak, atzerrian frantses hezkuntza sistemaren arabera ikasketak egin nahi dituztenak edota kartzeletan diren pertsonak kasu, Garako artikuluak azaldu duenez.

Baxoa (baccalauréat, frantsesez) aitzinako azterketa da. Frantsesek bac laburdurarekin izendatzen duten azterketaren aurrekariak xerkatzeko Erdi Arora egin behar da atzera. Atariko proba horren bertsio modernoa Napoleonen garaitik dator. 1808an, Estatu mailako diploma gisa ezaugarritu zuten baxoa. Unibertsitate eskaintza aldatuz joan den heinean, egokipenak izan dira. Egun, adibidez, baxo orokorraz gain teknologikoa ere bada.

Ohiturak agintzen du

Tradizio luzeko azterketa izanik, ohituraz beterik da. Horietako bat da lehenengo azterketa idatzia Filosofiari dagokiona izatea. Iragan mendeko 70eko hamarkadaz geroztik ikasgai horrekin abiatzen da baxoaren maratoia.

Gauzak horrela, atzo hasita, ekainaren 22ra bitartean azterketaz azterketa ibiliko dira goi ikasketak egiteko asmoa duten ikasleek. Uztailaren lehenengo astean jakinen dituzte azterketon emaitzak.

Aldaketak mantso doaz

Baxoa aldatzeko premia sarri aipatzen da. Hezkuntza ministro gehienek azaldu dute horren nahia. Izan ere, ondorengoarentzat uzten dute aldaketa gauzatzea. Jean-Michel Blanquer ministro berriak «ondoko bost urteetan» egin nahi luke erreforma. Hala ere, Parisen gauza hauek ez dira erraz mugitzen.

Hartara, Hezkuntza Ministeriak bac azterketak aurten 60 hizkuntzatan egingo direla publizitate gisa erabiltzen duen bitartean, ikasle euskaldunei ez die azterketa osorik euskaraz egiten uzten. «Hori mingarria da, ikasgaia gehienak gure hizkuntzan soilik ez, frantsesez ere prestatu behar ditugulako ikasturtean zehar», azaldu dio Info7 irratiari Maddi Goikotxea Baxoa Euskaraz kolektiboko kideak. Ikasle kolektiboak Seaska eta Etxepare Lizeoko ordezkarien sostenguz elkarretaratzea egin zuen atzo Angeluko Sainte-Anne azterketa zentroaren atarian. Legea oztopo ez den neurrian, egungo egoera «Hezkuntza arduradunen borondate ezari» egotzi dio Helene Xarriton Etxepare Lizeoko zuzendariak.