Kazeta

Etxauziak 500.000 euro lortu nahi ditu irailaren 15erako

"Zabal eta bizi" kanpainaren baitan, helburu berri bat finkatu du Etxauzia Nafartarren elkarteak: 500.000 euro lortu irailaren 15erako. Horretarako, Euskal Herrian gaindi, baita diasporan ere ekimenak prestatu ditu.

Etxauziako kideak Kaliforniara joanen dira, maiatzaren 27tik ekainaren 5era. ©Etxauzia elkartea
Etxauziako kideak Kaliforniara joanen dira, maiatzaren 27tik ekainaren 5era. ©Etxauzia elkartea

Baigorriko Etxauzia gaztelua herritarrena izan dadin, diru bilketa fase berri bat abiatu du elkarteak. Maiatzaren 20ean "Zabal eta bizi" bigarren kanpaina abian jarri zuen eta geroztik, Euskal Herriko hainbat hirietan egitasmoa aurkezteaz gain, hainbat ekimen antolatu ditu taldeak. Hala nola, iragan zen arno dastaketa artistikoa.

Diru bilketa berria mezu zehatz batekin zabalduko du: "Eman dirua Etxauziarentzat!". Hain zuzen, 500.000 euro lortu nahiko lituzke irailaren 15erako. Elkarteak dionez, horrekin diru nahiko luke "ondoko faseetan dirua ere biltzeko".

Horretarako, txostenak eta txartelak banatuko ditu herriz herri dirua biltzeko. Helburua bizilagunak egitea baita, hau da, Etxauzia sostengatu eta komunitate horren parte izango direnak aurkitzea. "Guztion ekarpena beharrezkoa" dela azpimarratu du elkarteak.

Egitasmoaren alde hainbat ekimen prestatu ditu datozen hilabeteetarako. Lehenak, hauek dira: maiatzaren 27an eta 28an Irantzu Lekue artista gasteiztarra Baigorrin izango da eta hainbat koadro egingo ditu Etxauzia, mahastiak eta Baigorri gaitzat hartuta. Horiekin "Arnasa 01" seriea osatuko du eta Gasteizeko ARTgia galerian ikusgai izango da ekainaren 7tik aurrera. Ondotik Euskal Herrian barna ibiliko da.

Bestalde Iruñean, ekainaren 14ean, Etxauzia Eguna antolatu dute, proiektua aurkeztu eta babesak biltzeko. Ekimena Katakraken iraganen da 19.00etan. Halaber, ekainaren 17an Bernardo Atxaga izango da Baigorrin. Hainbat egun pasako ditu han eta "Axularren izpiritua" izeneko ekimena abiatuko du. Euskal sortzaile ezagunek idazlan-kate bat egingo dute, Etxauziaren eta beste hainbat gairen inguruan.

Kalifornian

Etxauziako kideak Kaliforniara ere joango dira, maiatzaren 27tik ekainaren 5era. Bakersfieldeko jaialdian, Petaluman eta San Frantziskoko Euskal Etxean izango dira, besteak beste, egitasmoaren berri emateko.

AVIVA lehiaketan finalista

Gainera, Etxauzia AVIVA fabrikaren lehiaketan finalistetako bat dela jakinarazi du elkarteak. Bi mila proiektu aurkeztu dira eta 50 finalisten artean dago, bost mila boto baino gehiago lortuta.