Kazeta

'Maite zaituztegu' mezua helarazi diete euskal presoei

Kalera Kalera ekimenak antolaturik, Estatu frantses eta espainiarreko sei espetxetara martxak egin dituzte maiatzaren 20ean. Orotara, hogeita bost autobus abiatu dira, hain zuzen. Euskal presoak garatzen ari diren ondorioak "babestu eta errespetatuko" dituela azaldu du ezker abertzaleak.

Puerto, Fleury, Roanne, Curtis, Saint Maur eta Picassenteko kartzelatara martxak egin zituzten maiatzaren 20ean. Kalera Kalera antolatutako ekimenean mila lagun baino gehiago bildu ziren, Naiz atariak azaldu duenez.

"Presoekiko maitasun sentimendu ikaragarria dugu", adierazi dute antolatzaileek, "horrexegatik egin ditugu milaka kilometro ehunka lagunek asteburu honetan Estatu espainiar eta frantseseko sei kartzelatara". Baina bisita ez da ohikoa izan, mezu sinple bat eramatera joan dira: "Maite zaituztegu".

Euskal Herrian ireki den ziklo berriari bete-betean ekiteko lehenengo zaharrari amaiera eman behar zaiola aldarrikatu dute, "preso, iheslari eta deportatuak etxera ekarriz". Bide horretan, aldebakartasunez jardutea baino beste aukerarik ez dagoela azpimarratu dute.

Dispertsio politikak azken 30 urteotan izan duen eraginari erreparatu diote: "Sufrimendu handia, 16 hildako, odoluste ekonomikoa, milaka eta milaka kilometro astero urte askoan...", baina aipatu politikaren helburuak ez direla gauzatu aldarrikatu dute: "Presoen erresistentzia eredugarria izan da; kaleko erantzuna, etenik gabekoa, eta anitza!". Aniztasun horren baitan eratu den elkartasun sarea goraipatu dute.

Gaineratu dute jakitun direla presoak kartzeletan bizitzen ari diren uneaz: "Badakigu gogoeta betean ari zaretela etorkizunari buruz, eta laster emaitzak publikoak izango direla; ondo dakizue ezker abertzaleak zuen ondorioak babestu eta errespetatuko dituela".

Amaieran, martxara batu diren lagun guztiak zoriondu dituzte, presoei ezik hauen senideei ere erakutsitako elkartasunagatik.


Bidaia, identifikazioak eta ekitaldi ostekoak

25 autobus irten dira orotara Euskal Herritik Puerto, Fleury, Roanne, Curtis, Saint Maur eta Picassenteko espetxeak jomugan. Ehunka kilometro egin ostean, eta presoei euren elkartasuna erakutsi aurretik, indar polizialekin egin dute topo hainbat autobusek, eta identifikatuak izan dira bidaiari guztiak.

Behin espetxe atarian, ekitaldiak egin dituzte, eta Sortuko eta Kalera Kalera ekimeneko kideek hartu dute hitza hauetan. Presoei euren presentziaz ohartarazteko, adarra jo edo irrintziak bota dituzte. Fleuryn, esaterako, pankarta bat aireratu dute.

Tonu alaiago batean, espetxeari buelta ere eman diote Roannen eta Picassenten, baita Puerton ere trikitixaren soinuaz lagunduta. Sortuk eman dituen datuen arabera, 1.000 lagun baino gehiago elkartu dira gaurko elkartasun ekimenean.