Iurre BIDEGAIN

Estatuaren oztopoen gainetik, sarea garatzen segitzen du Seaskak

Seaskak eskatu dituen hogeita lau lan postu gehigarrietatik, zortzi baizik ez dizkio eskaini Hezkuntza Ministerioak. Estatuarengandik dituen oztopoen gainetik, etengabeko garapenean segitzen du Seaskak. Hain zuzen, heldu den ikasturtean lizeo eta kolegio berrienaz gain, ikastola berri bat idekiko du Bokalen. Herriko Etxeak eskaini dion lur publiko batean, hain zuzen.

Bokaleko ikastola lau-bost haurrekin abiatuko da iralean.
Bokaleko ikastola lau-bost haurrekin abiatuko da iralean.

Gaur egun, Seaskaren kezka nagusiena ikasturte berriaren prestaketa da. Hogeita lau lan postu gehigarri eskatu dizkio Hezkuntza Ministerioari. Horietako zortzi baizik ez dizkio eskaini. Arazoa konpontzeko bilkura izan zuten ostiralean. Burasoek Seaskaren aldarrikapena ozen entzunarazteko maiatzaren 24erako "Ekintza eguna" antolatu dute.

Oztopoenaz gain, garapenaren bidez pausuak ematen segitzen du Seaskak. Pausu horien fruitua Bokalen idekiko den ikastola da. Gisa berean, irailean, kolegio eta lizeo berriek ateak idekiko dituzte Baionan.

Hasiera batean Seaska eta Calandretak eskuz-eskuz proiektu bat martxan jarri behar zuten Lapurdiko herrian. Azkenean, ez dute atzeman okzitanieraz ikasteko ikasle nahikorik. Hori dela eta, Paxkal Indo Seaskako lehendakariaren erranetan, elkartearen garapena euskalgintzak egindako lanaren fruitua da.

Bokaleko ikastola berria lau-bost haurrekin abiatuko da. "Behar den osagai guztiak ditugu ikastola martxan jartzeko" azaldu du lehendakariak. Zalantzarik gabe horietariko bat burasoen nahikeria da. Haiek "abentura" abiatu ondoren, Seaskak lekukoa hartu zuen. Herriko Etxearekin batera, bete beharrezko baldintza minimoak lortu dituzte. Horietariko bat: lurraren aurkikuntza. Hain zuen, Herriko Etxeak eskaini dion lur publiko batean eraikin prefabrikatuak jarriko ditu Seaskak.

Aste honetan baimena aurkeztu behar dutela kontatu du Indok. Iraila ondoren, pausuz-pausu aitzinatuko dira. "Laster mugimendua izanen dugu. Adibidez, irakaslea ezagutuko dugu".

Modelo berriak asmatuz

Seaskak familia guti baldin baditu, Calandretak "oinoz gutiago" dituela azpimarratu du Paxkal Indok. "Nahiz eta erraten den eremu elebidunean gaudela, hots, euskara eta gaskoira presente daudela, gaskoienaren dinamika urrun dago. Orthez, Oloroe eta Pauen daude Calandreta hurbilenak", gehitu du.

Etorkizunari begira, lehendakariaren aburuz, "maleruski" ez dituzte ikasle gehiago lortuko Calandreta bat idekitzeko. Hala ere, ez dute "amore emango". Hasieratik, dinamika polita dela azpimarratu dute bultzatzaileek. "Uste dute gure hizkuntzak bata bestearen kontra ari direla, baina ez dute arrazoi. Estatu frantsesak gure hizkuntzak ofizialki onartzeko lan egiten dugu, elkarrekin", erantsi du.

Elkarlan hori garatu eta modelo berriak asmatzen ahalko litzatekeela uste du Indok. "Zergatik ez gure euskaldun tipiak okzitaniarra ikasi eta alderantziz?", galdera pausatu du lehendakariak. Bere erranetan, gaur egun, euskalduna izatea ez da elebakartasunari mugatzen. "Haratago joan behar da". "Euskaldun izatea gaur egun elebiduna izatea da, puntu. Gure funtsezko ezberdintasuna horretan datza", aipatu du.

Etengabeko garapena

Urtez-urte etengabeko garapen "logikoa" bizi du Seaskak. "Badakigu euskararekiko gose bat dagoela Ipar Euskal Herrian eta hori seinale ona da. Bataila tipi bat irabazten ari garela erakusten du. Lortu dugu erraten Euskal Herriari euskararik gabe ez dela Euskal Herririk”, aipatu du.

Indoren erranetan, Euskal Elkargoak euskararen eskumena bere gain hartu izana oso garrantzitsua da. "Gure lanaren seinale ere bada", erran du.