Euskara jalgi hadi enpresara

Mauleko Elkar enpresak euskararen alde urratsak egin ditu. Komunikazio sailean euskararen presentzia garatzeaz gain, iragan den Korrikan ere parte hartu zuen.

Artzen LETONA|16/05/2017 15:42|0 comentarios
Capture_d_e_cran_2017-05-16_a_15
Euskara jalgi hadi enpresara

Apirila hastapenean antolatu zituen ate idekitzeak Mauleko Elkar enpresak. Hiru lan sailetan ari da: sistema konplexuen ingeniaritzan, fabrikazio eta integrazioan, eta metrologia industrialean. Karia horretara komunikazio saila berriz freskatu zuen, eta ez nola nahi, euskarari lekua utzi baitzion.

"Hastapenean ez zen hainbeste euskararen presentziarik enpresan, agian ez genuelako gugan aski konfiantzarik" dio Beñat Elkegarai, bi enpresaburuetarik batek. Geroztik 12 urte iragan dira, enpresa handitu da. Hain zuzen, adar bat ideki dute Baionan eta bestea Ordizian. Bezero euskaldunak dituzte. Hori dela eta, "harreman afektibo bat sortzen da" eta langileen artean euskarak bere lekua egin du, erdia euskal hiztuna baita.

"Konfiantza hartu dugu. Gure nortasuna da eta, bai, harro gaude euskaldun izateaz" hortik heldu da ere euskaraz komunikatzeko hautua. Barne eta kanpo seinaletikaz gain webgunea hala dute eta enpresaren aurkezpen eskuorriak ere hala dituzte, bat euskaraz, bestea frantsesez eta azkena gazteleraz.

"Egia erran euskarazkoak hegoaldean ditugu baliatzen. Iparraldean ez dut uste baliatzen ditugula momentuz. Aldiz espero dut ondoko urteetan gehiago hedatzea. Geroz eta euskaldun gehiago ateratzen direlako ikastoletatik, eta euskaldun horiek gure ondoan lan egingo dute bihar, ondorioz uste dut euskara baliatuko dugula".

Lan gehiago eta gastu handiagoa da elebiduntasunaren hautua, profesionalki zerbait ekartzen du batez ere hegoaldean, baina enpresaburu eta langile zenbaitentzat garrantzitsua da. "Emeki emeki, urrats ttipiekin euskara sartzen da gure bizian".

Euskararekiko harremana ez da hor gelditzen. Korrika kari, kilometro bat naturaltasunez erosi zuten enpresaburuek. Baina horrez gain interesa zuten langile guztiei bi ordu eskainiak izan zitzaizkien, nahi zuten kilometroetan parte hartzeko. "Langileek badakite guretzat garrantzitsua dela. Besta polita da eta memento goxo bat da langileen arteko harremanetan". Enpresako 12 langilek parte hartu zuten 27etatik.