Kazeta

Maiatzaren 1a: 'kapitalismoa eta faxismoaren' kontrako deia

"Faxismoa eta diruaren erreinuaren kontra" jotzeko, Bizik manifestazio bat antolatu du maiatzaren 1erako Baionan. Lehendakaritzako hauteskundeen bigarren itzulira pasa diren Marine Le Pen eta Emmanuel Macronen politikak salatuko ditu protestan. Gisa berean, Les Bascos elkarteak Fronte Nazioanala "oztopatzeko" deia luzatu du.

 

Bizik iaz "aberatsen manifestazioa" antolatu zuen maiatzaren 1ean. ©Isabelle Miquelestorena
Bizik iaz "aberatsen manifestazioa" antolatu zuen maiatzaren 1ean. ©Isabelle Miquelestorena

Lehendakaritzako hauteskundeen lehen itzuliaren irakurketa plazaratu du Bizi mugimenduak. Fronte Nazionalak Estatu frantsesean lortu dituen emaitzak "izugarri kezkagarriak" direla nabarmendu du. Gisa berean, Emmanuel Macronen politika "suntsitzailea" dela salatu du. "Faxismoaren kontrako determinazioa" erakutsi nahi du. Horretarako, maiatzaren 1erako manifestazio bat antolatu du Baionan: "Faxismoaren kontra eta diruaren erreinuaren kontra, gure alternatiba: elkartasuna!".

Marine Le Penek alderdiaren igoeraren kontra "borrokatzeko" beharra azpimarratu du mugimenduak. Haatik, En Marche mugimenduko hautagaia "xahutze sozial eta ekonomikoak eta behar gabeko proiektu erraldoi eta inposatuak" bultzatzen dituela dio Bizik. "Macronek bultzatu dituen politikak eta gaur egun oraino defenditzen dituen politikak Fronte Nazionalaren etengabeko igotzearen lurrustela dira. Ber denboran, politika horiek nahasmendu klimatikoa eta bioaniztasunaren erortzea larriagotzen eta bizkortzen dituzte".

Horiek horrela, egoera "arriskutsu" baten aurrean dagoela dio. Alde batetik, "gero eta boteretsua" den eta "funtsezko baloreak mehatxatzen dituen" eskuin muturra dago. Bestalde, "anti-ekologikoa eta anti-soziala" den egiazko ofentsiba plantan ezarri nahi duen hautagaia dago. Bere aburuz, ekainean iraganen diren legebiltzarretako hauteskundeek eginkizun erabakigarria izanen dute.

"Etsipenaren tenorea ez" denez, mobilizazio batean parte hartzeko deia luzatu du elkarteak. "Gaurtik, behar dugu molde masiboan erakutsi gure determinazio osoa faxismoa eta haren aitzinatzea ahalbidetzen dituzten eta gure jendarteak, gure klima eta ingurumena suntsitzen dituzten politiken kontra borrokatzeko". Manifestazioa San Izpirituko zubitik abiatuko da 10.30etan. 

Les Bascos

Hauteskundeei emaitzekin "kezkatua" dela adierazi du Les Bascos elkarteak. 2002an Fronte Nazionalaren igoera harrigarria iruditu zitzaiola oroitarazi du. Urte hauetan bizi duen garapena "kezkagarria" dela uste du.

Bigarren itzulian "Fronte Nazionala oztopatzeko" deia luzatzeaz gain, maiatzaren 1eko manifestazioan parte hartu behar dela dio. Protestan "eskubideak eta askatasunak mehatxatzen" dituen alderdiaren kontra jotzeko deia luzatu du. "Diskriminazio guziei eta lanean homofobiari EZ!".