Kazeta

Langabezi tasa apaldu du populazio aktiboaren jaitsierak

Urteko lehen hiruhilekoan, langabezia tasa apaldu da Euskal Herrian. Gaindegiak nabarmendu duenez, biztanleri aktiboaren jaitsierak langabezia txikitu du. 2017ko lehen hiruhilabetekoan, Euskal Herriko langabezia tasa %11,24an kokatu da, aurreko hiruhilekoan baino 0,2 beherago.

Gaindegiaren arabera, 164.600 langabe daude Euskal Herrian, aurreko hiruhilekoan baino 4.500 gutxiago.
Gaindegiaren arabera, 164.600 langabe daude Euskal Herrian, aurreko hiruhilekoan baino 4.500 gutxiago.

INE eta INSEE estatistika institutu espainiar eta frantsesaren datuak aintzat hartuta, 164.600 langabe zeuden Euskal Herrian urteko aurreneko hiruhilekoan, Gaindegiak emandako datuen arabera. Langabezia tasa, berriz, %11,24koa da, iazko epe berean baino 0,2 puntu apalagoa, Naiz atariak azaldu duenez.

Eustatek kaleratutako datuak aintzat hartuz gero, Euskal Herrian 0,75 puntu jaitsi da langabezia tasa, %10,92an kokatuz.

INEk zabaldu dituen Populazio Aktiboaren Inkestaren datuak kontuan hartuta, azken hiruhilekoan Bizkaian bakarrik jaitsi da langabezia tasa (-1,25), gainontzeko herrialdeetan igo egin den bitartean. Eustatek berriki kaleratutako datuen arabera, aldiz, jaitsiera antzekoa izan da Bizkaian (-1,8) eta Gipuzkoan ere neurri berean egin du behera (INEk 0,77ko igoera izan duela islatzen du).

Herrialdeka

INEk emandako datuen arabera, Araban 500 langabe gutxiago zenbatu dituzte, guztira 18.300. Langabezia tasa %12,03koa da. Alde batetik, Nafarroan, aldiz, 700 pertsona gehiago daude lanik gabe, guztira 31.500. Langabezia tasa %10,25ekoa da. Bestalde, Bizkaian, 67.500 langabe zenbatu dituzte, aurreko hiruhilekoan baino 7.500 gutxiago. Langabezia tasa %12,5ean kokatu du INEk. Azkenik, Gipuzkoan 34.600 langabe daude, aurreko hiruhilabetekoan baino 2.100 gehiago, tasa %10,72ean kokatzen delarik.

Gaindegiaren arabera, azken hiruhilekoan Euskal Herriko eta Europako Batasuneko langabezia tasen arteko aldea 0,4 puntu gutxitu da, baina Euskal Herriko langabeziak, INEren datuak oinarri hartuta, 2,8 puntu handiagoa izaten jarraitzen du.