Kazeta

'Akats larririk' ez Jon Anzaren kasuan

Estatu frantsesak Jon Anzaren kasuan izan zuen erantzukizuna dela eta, familiak aurkeztutako helegitearen berri eman du Parisko Dei Auzitegiak apirilaren 25ean. Hain zuzen, justiziak berriz dio ez zela "akats larririk" izan ikerketan. Hori dela eta, familiaren errekurtsoa ezeztatu du.

2009ko apirilean desagertu zen Jon Anza eta urtebetera agertu zen bere hilotza. Zantzu guztien arabera Poliziak atxikita izan ostean.  (Juan Carlos RUIZ | ARGAZKI PRESS)
2009ko apirilean desagertu zen Jon Anza eta urtebetera agertu zen bere hilotza. Zantzu guztien arabera Poliziak atxikita izan ostean. (Juan Carlos RUIZ | ARGAZKI PRESS)

Jon Anzaren familiak kasuan Estatu frantsesak izandako erantzukizuna auzitara eraman zuen 2015ean. Urte bereko maiatzaren 13an Pariseko Afera Zibileko Auzitegiak ikerketan ez zela "akats larririk" izan ebatzi zuen. Hori dela eta, senideek eskatutako kalte-ordainak ezeztatu zituen. Familiak erabakiaren kontrako helegite bat aurkeztu zuen eta aste honetan deliberoa plazaratu du Dei Auzitegiak, Garako artikuluak azaldu duenez.

2015ean errandakoa berriz errepikatu du justiziak. Hau da, egitura judizialen aldetik ez zela "akats larririk" izan desagerpenaren ikerketan. Oroitarazi behar da Anzaren gorpua Okzitaniako Tolosako ospitale bateko hil gabarran atzeman zutela hamar hilabete beranduago. 

Kasuaz arduratzen den Maritxu Paulus Basurcok epaia "etsipen eta tristurarekin" jaso du. Otsailaren 7an iragan zen auzia kontutan hartuz "itxaropentsu" zeudela aitortu du. "Ikerketa behar bezala gauzatu ez zela frogatu zituzten azalpenak arretaz entzun zituen epaileak. Pozik atera ginen auzi saiotik eta entzunen gaituela espero genuen", aipatu du.

Akatsez akats

Lehen sententziaren arabera, ETAko militantea Okzitaniako Tolosara zihoala pentsaraziko zuen elementurik ez omen zegoen. Anzaren bikoteak berak 2009ko apirilaren 17an Anza tren geltokira eraman zuela azaldu zion Baionako epaitegiari. Hortik Okzitaniako hiriburua joan zen militantea. Gainera, urte bereko maiatzaren 19an ETAk agiri bat argitaratu zuen Anza Tolosan finkatutako hitzorduetara joan ez zela azalduz.

Gisa berean, hiri hartako erietxeetan desagerpenaren berri eman eta donostiarraren ezaugarriak zituen inor ez ote zuten ingresatu idatziz ez galdetu izanak ere ez du garrantzirik epaileentzat.

Halaber, Tolosako Fiskaltzak hango Poliziari ikertzeko egindako eskaera ez betetzea eta denbora baten ondoren berriro ezer aldarrikatu ez izana "hutsunetzat" jo zuten epaileek, baina ez Estatuko zerbitzuei arduragabekeria leporatzeko adinako "akats larria".