Iurre BIDEGAIN
Entrevista
Carlos Gomez
Oier Gomez gaixorik dagoen euskal presoaren aita

'Orain garrantzitsuena dator: minbiziaren kontrako borroka'

Zigorraren suspentsioa onartu eta, hiru euroaginduak eten dizkiote Oier Gomezi. Larriki gaixorik dagoen gasteiztarra libre uztea erabaki du epaileak. Bere aita den Carlos Gomezek albistea nola jaso duen azaltzeaz gain, euskal presoa nola sentitzen den aipatu du.

Carlos Gómez, Oier Gómezen aita. (Jaizki FONTANEDA-ARGAZKI PRESS)
Carlos Gómez, Oier Gómezen aita. (Jaizki FONTANEDA-ARGAZKI PRESS)

Euroaginduen etetearen albistea, nola jaso du familiak?

Oierrekin hitz egin nuen atzo. Biak ados ginen: bere askatasuna lortzen ahal genuen. Haatik, ondokoa azpimarratu dit: 'Niretzat asko pozten naiz, aita. Baina jende askok presondegiaren barnean segitzen du'. Gaixorik dauden preso anitzek kartzelan segitzen du. Nire semeak hori kontutan hartzen du. Guk sentitzen dugun poza izugarria da. Baina ohartu behar gara egin beharrekoa oraindik asko dela.

Zure iritziz, zure semearen aldeko erabakiak larriki gaixorik dauden presoen egoeran eragin dezake?

Nire ustez pausu oso garrantzitsua da atzokoa. Batez ere, Estatu espainiarrak kontutan hartu eta aintzat hartu behar du Estatu frantsesak hartu duen erabakia. Ildo bera segitu behar du beste kasu guztientzat.

Zigorraren suspentsioa eta hiru euroaginduen eteteak zer aldatuko du Oier Gomezen egoeran?

Atzo arratsaldean, edo beranduenik gaur goizean, Oierrek leiho bat idekitzen ahalko du. Kanpoko airea sentitzen ahalko du. Hiru, lau edo bost egunetan, oraindik ez dakigu zein izanen den epea, Baionara ekarriko dute. Hori ere pausu izugarria da. Orain, garrantzitsuena dator. Hau da, pairatzen duen minbiziaren kontrako borroka.

Erran duzu berarekin hitz egiteko parada izan duzula. Oierrek nola jaso du albistea?

Deliberoaren berri jakin bezain laster, niri deitzeko aukera izan zuen. Oier beti besteei pentsatu duen pertsona bat izan da. Nahiz eta poz handia sentitzen duen, beste arazoak ere kontutan hartzen ditu: pairatzen duen eritasuna eta kartzelan segitzen duten euskal presoen egoera. Azken horri aurre egiteko borrokatzen segitzeko beharra azpimarratu du.