Kazeta

Mintzaldia eta etxe ekoizleen merkatua EHLGren eskutik

Datozen egunetako bi ekimen antolatu ditu Euskal Herriko Laborantza Ganbarak. Alde batetik, Euskal Herria Zuzenean festibalarekin batera Notre Dames des Landes guneari buruzko mintzaldi bat proposatuko du apirilaren 28an. Bestalde, Etxe ekoizleen merkatua prestatu du Biarritzen maiatzaren 1ean.

Hogei bat ekoizlek merkatuan parte hartuko dute. ©Biarritzeko euskara zerbitzua.
Hogei bat ekoizlek merkatuan parte hartuko dute. ©Biarritzeko euskara zerbitzua.

Datozen bi hilabeteetan Notre Dame des Landes guneko militanteek Euskal Herria zeharkatuko dute beren desmartxaren berri emateko. Apirilean iraganen den hirugarren hitzordua Anizako Euskal Herriko Laborantza Ganbarako egoitzan iraganen da apirilaren 28an 20.30etan. Besteak beste, ZAD (Babestu Beharreko Gunea) nola okupatu duten azalduko dute eta gaur egun nola antolatzen diren esplikatuko dute.

Halaber, Biarritzeko Bibi Beaurivage auzoko besten karietara, etxe ekoizle merkatu bat antolatu du erakundeak maiatzaren 1erako. Aurten, Idoki eta Ble laborantza biologikoaren egiturarekin batera prestatu du ekimena. Hau da, kalitatezko desmartxetan engaiatuak diren etxe ekoizleekin batera.

Hogei bat laborari bilduko dira Harispe karrikan. Horiek mozkin gisa zabala proposatuko dute. Hala nola, Ossau-Irati AOP ardi gasna, AOP Kintoa Euskal Zerria, behi eta ahuntz gasnak eta Ezpeletako Biperra AOP.

Ekoizleekin zuzenean hitz egiteko aukera eskaintzeaz gain, haurrek animaliak hurbiletik ikusten ahalko dituzte. EHLGk laborantza iraunkorra sustatzeko lantzen dituen sailak aurkeztuko ditu. Azkenik, antolatzaileek azaldu dutenez, Eusko Moneta ere presente izanen da ekitaldian.