Kazeta

Oier Gomezen alde mobilizaturik Baionan

Epaileek Oier Gomezen kontrako hiru euroaginduak aztertuko dituzten egunean, mobilizazio eguna antolatu du Bagoazek. Eguardiaz geroztik, elkarretaratze iraunkorra burutzen ari da Lesseps kaian. Gasteiztarra eta larriki gaixorik dauden beste euskal presoen askatasuna aldarrikatu du.

Hogeita hamar bat pertsona bildu dira Lesseps kaian Oier Gomezen elkartasunez. ©Bob EDME
Hogeita hamar bat pertsona bildu dira Lesseps kaian Oier Gomezen elkartasunez. ©Bob EDME

Parisko Zigor Aplikazioen Auzitegiak Oier Gomezen kondena eteteko eskaera onartu ondoren, epaileek bere kontrako hiru euroaginduak aztertuko dituzte apirilaren 26ean. Horren karietara, mobilizazio eguna antolatu du Bagoazek Baionan.

Estatu espainiarrak eta Portugalek aurkeztu dituzten euroaginduak Oier Gomezen askatasunerako "azken oztopoak" direla dio kolektiboak. Ildo horretatik, mobilizazioaren beharra nabarmendu du. Hain zuzen, goizean goizetik afixa eta banderolak ezarri ditu Lapurdiko hirian gaindi.

Ordu bataz geroztik, elkarretaratze iraunkorra hasi dute Lesseps kaian. Kolektiboak azaldu duenez, hogeita hamar bat pertsonek bertan bazkaldu dute.

 

Ondoren, 14.00etatik 17.00ak arte euskal presoen gaiari buruzko filmak eskaini dituzte Zizpa Gaztetxean. Hala nola larriki gaixorik dagoen Ibon Fernandez Iradiren kasua islatu duen "Oihu anizkoitza" dokumentala. Halaber, Jaiki Hadi elkarteko kideak ere presente izanen dira gaixorik dauden presoen egoera aipatzeko.

Arratsaldean, 17.00etatik aitzina epaileen erabakia itxoin eta deliberoari buruzko irakurketa plazaratuko du Bagoazek.

Gisa berean, Gasteizen Sarek ere mobilizazio eguna antolatu du. Hainbat eragile politiko eta Etxerat elkarteak ekimenean parte hartu dute.