Iurre BIDEGAIN
Entrevista
Carlos Gomez
Oier Gomez gaixorik dagoen euskal presoaren aita

'Oierrek ospitalizazio duin bat behar du'

Otsailaren 10az geroztik Oier Gomez euskal presoa Pitie Salpetriereko ospitalean dago. Bagoazek martxoaren 25ean "Oier eta eri diren presoak" askatzea aldarrikatuko du Baionan. Ewin motako sarkoma pairatzen duen euskal presoaren aita da Carlos Gomez, bere semea nola dagoen azaldu du.

Carlos Gomez Oier Gomez euskal presoaren aita.
Carlos Gomez Oier Gomez euskal presoaren aita.

Nola dago Oier?

Animatua dago, indartsu. Baina isolamenduko egoeran dago. Hau da, ospitale baten barnean dagoen kartzelan dago. Hogeita lau orduz giltzapean dago.

Bere eritasuna zein egoeran dago?

Oierrek Ewin deituriko sarkoma bat du. Gaur egun, oso gogorra den artamendu bat jasotzen du. Kimioterapia eta erradioterapia jasotzen ditu, aldi berean. Suntsituta uzten dute saioek. Normala dena baino gogorragoak dira. Gaur egun, Oierrek ospitalean egon behar du. Baina, ospitalizazio duin bat behar du.

Zein motako segipena behar du bere eritasunak?

Bere artamendua segitzen duen medikuak agiri bat izenpetu berri du. Horretan, artamendua jasotzeko Oierren egoera hoberena ez dela baieztatu du. Oierrek zaintza berezi bat behar du eta nahiz eta erietxean jasotzen duen, ez da ospitaleko eri arrunt bat bezala tratatua. Ez da egokia berarentzat. Ez du harreman iraunkorrik erizain eta medikuekin. Orain arte oztopo asko jarri dizkiote DPS (Bereziki zaindua den presoa) kontsideratzen zutelako. Berriz errepikatzen dut: medikuek berek erran dute Oierrentzat ez dela egoera egokiena.

Maiz Oierrekin hitz egiteko aukera duzue?

Astero bi orduko bisita dugu eta niri bakarrik deitzeko baimena dauka. Batez ere egoerak eskatzen, artamendua jaso edo animo gabe dagoenean deitzea uzten diote. Oier DPS preso bat zenez, ez zituen deiak egiten ahal kartzelan. Baina orain, baimena eman diote. Nire ustez, haiek ere Oierren egoeraren larritasunaz ohartzen ari dira.

DPS estatusa kendu diote?

Bai. Medikuek kentzea eskatu zuten. Garaian, estatusa dela eta, medikuek Oier ziegan ikusten ahal zuten pertsona bat edo biren zaintzapean. Medikuek kartzelara ailegatzean zaintzaria etortzea itxoin behar zuten, atea ideki zezan. Hori guztia errazteko estatusa kentzea erabaki dute.

Bere abokatua den Clara Rougetek kondenaren suspentsio eskaera egin du. Galdea zein egoeratan dago?

Martxoaren 11n epaileek izendatutako aditu bat Oierrekin elkartu zen bere egoera ikertzeko. Orain bere iritzia itxoin behar dugu. Ondotik, horrekiko, epaia argitaratuko dute.

Epeei buruzko informaziorik duzue?

Ez dut maite epeenaz hitz egitea. Abokatuak ere ez daki. Baina prozesua luzatu daiteke. Badakigu ez dela egun batetik bestera jakinaraziko diguten zerbait.

Bagoaz kolektiboak, eragile sozial eta politikoen babesarekin, Oierrek pairatu behar dituen segurtasun neurriak salatu ditu.

Hasieran, Estatu frantseseko Segurtasun Indar bereziek Oier zaintzen zuten. Artamendua jasotzen zuenean segurtasun neurri asko inposatu zituzten. Gaur egun, erradioterapiara eramaten dutenean kartzelako langileen zaintzapean dago.

Zure iritziz, Oier Gomezen aita bezala, zer suposatzen du Euskal Herrian martxan den bake prozesuarentzat zure semea eta gaixorik dauden beste hamabi presoak kartzelan atxikitzea?

Azpimarratzekoa da Euskal Herrian martxan den bake prozesuan eragile asko elkarlanean ari direla egoera honekin bukatzeko. Nire ustez, Kolonbian bezala egin behar genuen, hasieratik.
Nire iritziz, Amnistia bat beharrezkoa zen zerotik hasteko. Dena ahazteko. Aspalditik, gaixorik dauden euskal presoen aldeko pausua eman behar zen. Haatik, ezin da hitz egin soilik gaixo diren presoenaz, baina bai preso guztietaz, orokorrean.

Zuk zer eskatuko zenioke Gobernu frantsesari?

Nik frantsesari, espainiarrari eta Gobernu guziei berek finkatzen dituzten legeak betetzea eskatuko nieke. Nire semea, gaixorik dauden presoen eta preso guztien askatasuna aldarrikatzeaz gain, araudiek diotena betetzea eta haiek inposatu digutena errespetatzea galdetuko nieke. Baita Estrasburgok agindutakoa ere. Hori ere ez dute kontuan hartzen.

Oierrek artamendu egokia jaso dezala aldarrikatzen diogu. Gaixorik dagoen pertsona bat bezala tratatua izatea eskatzen diogu. Gure helburua, Oier Euskal Herrira hurbiltzea eta Osakidetzako erietxe batera lekuz aldatzea da.

Bagoazek eri diren eta kondena luzea duten presoen askatasuna aldarrikatuko duen manifestazioa antolatuko du martxoaren 25ean Baionan. Zein da gizarteari helarazi nahi zeniokeen mezua?

Oiertxo SOS plataforma, Bagoaz eta Sare elkartea Oierri elkartasuna adierazi diote. Gaur egun, Oierren kasuaren bidez gaixorik dauden euskal presoak libre uztea aldarrikatzen dute. Berak eskatu zuen denen askatasuna aldarrikatzea, ez soilik berea.

Jendeari gure egoeran ezartzea eskatzen diet. Egin ondoren, pairatzen dugunari pentsatzea eskatuko nieke. Ez da ahaztu behar euskal presoek duinak ez diren baldintzei aurre egin behar dietela.