Kazeta

Bozen gehiengoa eskuratu du Macronek Ipar Euskal Herrian

Estatu frantseseko emaitzekin konparatuz, errealitate ezberdina erakutsi dute datuek Ipar Euskal Herrian. Emmanuel Macronek bozen %25a eskuratu du, François Fillonek %21,5a eta Jean-Luc Mélanchonek %19,1a. Estatu mailan egin ez bezala, Marine Le Pen laugarren agertu da.

Emmanuel Macronen garaipena ospatu zuten Baionan. ©Aurore Lucas
Emmanuel Macronen garaipena ospatu zuten Baionan. ©Aurore Lucas

Nahiz eta lehendakaritzako hauteskundeen bigarren itzulira pasatzea lortu duen, Marine Le Pen laugarren agertu da Ipar Euskal Herrian. Fronte Nazionaleko hautagaiak ez du bozen gehiengoa eskuratu hiru probintzietako hiriburuetan. Emmanuel Macronek aldiz bai. En Marche mugimenduko hautagaiak 44.012 boz lortu ditu, hots, bozen %25a.

François Fillon bigarren agertu da bozen %21,5ari esker. Jean-Luc Mélenchonek 34.468 boz eskuratu ditu, hots, bozen %12,10a. Azken hauteskundeei begira emaitza hobetu eta postu batez igo da Frantzia Intsumituko hautagaia. Halaber, bozen %7,6a Jean Lassallen alde agertu da. Banka, Bunuze eta Irulegi bezalako herrietan gehiengoa lortu du zentroko alderdiko hautagaiak.

Pirinio Atlantikoko departamendu mailan, Estatu frantsesarekin konparatuz, parte hartzea handiagoa izan da, %79,4koa, hain zuzen. 2012an iragan ziren azken hauteskundeetan hiru puntu gutiagokoa izan zen. Ipar Euskal Herriko 230.435 herritar bozkatzera deituak ziren barda. Horietariko 183.810ek bozkatu dute. Parte hartzea %79,77koa izan da, 2012koa baino apalagoa.

Hautagai nagusiek Ipar Euskal Herriko hiri handietan gehiengoa lortu dute. Baiona, Angelu eta Baigorrin Emmanuel Macronek gehiengoa lortu du. Biarritz, Donibane Lohizune, Donibane Garazi eta Donapaleun François Fillon lehena agertu da. Halaber, Mélenchonek garaipena lortu du Hendaia eta Maule bezalako herrietan.

Fronte Nazionaleko kidea, ordea, laugarren agertu da Ipar Euskal Herriko hiri gehienetan. Hain zuzen, 21.738 boz lortu ditu lurraldean (bozen %12,1a). Azpimarratzekoa da, 2012ko hauteskundeekin konparatuz, 1.227 boz gehiago lortu dituela. Aurten, Etxarri bezalako herrian lehen postua lortu du 28,4ari esker.

 

Emaitzak jakin bezain laster, Ipar Euskal Herriko eragile politikoek bigarren itzuliari begira beren hautua jakinarazi dute sare sozialen bidez. Colette Capdevielle diputatu sozialista, Max Brisson Biarritzeko hautetsia eta Michel Veunac Biarritzeko auzapezak Macronen alde bozkatuko dutela iragarri dute, besteak beste.

Claude Olive Angeluko auzapeza, gisa berean, En Marche mugimenduko hautagaiaren alde agertu da. "Fronte Nazionaleko proiektuaren kontra bozkatuko dut", aipatu du.