Camille eta Violette

Konbergentzia berrien gune bat, ambaZADa


PLAZA LIBREA- Notre-Dame-des-Landes herriko ZADeko (Babestu Beharreko Gunea) lagunek desmartxaren berri eman dute. Mobilizazioaren sorrera aipatu eta, bizi duen bilakaera aipatu dute. Gainera, "AmbaZADa" espazioaren berri eman dute. Hau da, gunean munduko borrokak errezibitzeko sortu duten lekua.

Dena 70etan hasi zen, Notre Dame des Landes eta inguruko herrien biztanleek jakin zutenean beren lurrak aukeratuak izan zirela hegazkinak lurreratzen ikusteko. Ondoren, laborariak, kaltetuenak, izan ziren mugitzeko lehenak. Beren bizi-modua mantentzeko, etxaldeak okupatu zituzten eta eraikin berriak altxatu. Milurteko berriaren atarian, sozialisten gobernuak aireportu proiektua berpiztu zuenean, haren kontrako komiteak, ACIPAk, aireportuaren aurkako erresistentzia laborari mundutik haratago zabaltzea erabaki zuen.

Bertako biztanleen oposizioa indartsua izan arren, inor ez zen harritu 2008an Estatuak lanei onura publikoko deklarazioa (DUP) eman zienean, eta horrekin baimendu lanen hasiera. Urte berean, "eutsi duten biztanleak" izeneko talde batek deia egin zuen lanen obratzaileek erosi etxaldeak eta lurrak okupatzeko. Neguan, sabotaje lehen ekintzak biderkatu ziren eta zundaketak oztopatu zituzten. Hurrengo urtean, klima-ekintza esparru berri bat sortu zen ZADean, talde eta pertsona desberdinen konbergentzia bilakatu zena. Horrek okupazio dinamika suspertu zuen eta izen berria ekarri: ZAD, erran nahia baita ‘Zone à défendre - Defendatzeko Eremua’. Urte hartan ere sortu zen laborarien erakunde bat, COPAIN, argi eta garbi aireportuari ezetz errateko.

Errotzen ari zena apurtzeko, Estatuak bere polizia bereziak, guardia mobilak, igorri zituen 2012ko udazkenean, "Zesar" deitu operazio erasoan, eta hurrengo udaberria arte saiatuko ziren erresistentzia suntsitzen. Baina okupazioaren mugimendua lekutzeko xedeak huts egin zuen, batez ere milaka pertsonen laguntza heldu zelako; jende eta okupazio berriekin, borrokak beste hedadura bat hartu zuen, gero eta handiagoa.

Gaur jendea irmo dago, eta ekintza modu desberdinak osagai anitzeko bizi moduetan adostu dira. Estatu eta Vinci enpresaren suntsiketa asmoak kolokan dira. Okupazio mugimendua ongi errotu da ZAD-ean, eta elikaduran eta egunerokotasunean autonomia materiala garatzeko habitat eta nekazaritzako praktika ezberdinak bideratuak dira.

ZAD beste borroka askorentzat ere erreferentzia toki bat bihurtzen ari da eta borroka asko aldian-aldian hemen gurutzatu dira. Chiapasko populuak eta Rojabakoak, meatze proiektu baten aurkako Navajoak eta Bureko antinuklearrak, berdin Vinci-AGOko sindikalistak ere, denen artean ehuntzen dira loturak.

Euskaldunak ere heldu dira eta haien etorrerak jakin-min zerbait eragin zuen, batez ere identitate kontuen inguruan. Euskaldunak ezaguturik aurkitu ditugu bazterketa eta txobinismoaren kontrako pentsamenduak eta praktikak, beraz, nazionalismoek maite dituzten ez bezalakoak. Iaz, EHZ jaialdira eta Gasteizen Errekaleor auzo okupatura gomitatu gintuzten. Euskal Herriko kultura herrikoi eta errebindikatiboek, ekintzaile sareak eta autogestioko lurralde horretako esperientziek sakondu digute berrien trukatzeko eta bidea elkarrekin egiteko gogoa.

Eta ambaZADa ideia, erran nahi baita leku bat ZADean eraiki munduko borrokak errezibitzeko, euskaldunekin bilera horietan sortu da: zapalduen arteko liskarrak baztertzeko eta gainditzeko gure joera gregarioak baztertu nahiz, informazioak, ekintzak, hizkuntzak eta kulturak, esperientziak eta istorioak, iritziak eta sentsibilitateak elkarren ondoan ezartzeko, bakoitzak bere lekua izanik. Auzolan kolektibo bat aurreikusita da uda honetan gauzatzeko; lehen urrats bat nahi dugu, bultzada sendo bat mundu zahar autoritario eta hilgarritik jendarte libre baterantz joateko.
Buruan amets horiek etorriko gara Euskal Herrira apirilaren 25etik maiatzaren 6ra arte, udaberri info-itzuli baten barruan; ZADeko beste biztanle-okupatzaile batzuk Greziara eta Poloniara joango direlarik, baita eta nonahikora ere planeta osoan, baldin eta elkarlana eta elkarteak sortzen baitiren, matxinada eta elkartasun loreak edo polena jasotzeko eta trukatzeko.

Gure ezberdintasunen fruituak irabiatu eta haien nektarra partekatzeko, laster erlauntza berria eraikitzeko asmoz!