Bernat Etxepare lizeoak bultzada berri bat

Seaskaren Lagunak elkarteak 13 500 euroko emaitza egin dio Bernat Etxepare lizeo berriari. Seaska bere garapenean laguntzeko dirua biltzen segituko du.

Kazeta|18/04/2017 16:32|0 comentarios
Guz_bernat_etxepare_lizeo_berria_sagarrondo_kanpaina_chantier_imiquelestorena30
Bernat Etxepare lizeo berriaren obrak iruditan.

Bernat Etxepare lizeo berriak heldu den sartzean idekiko ditu ateak, baina egitasmoa bururaino eraman ahal izateko diru bilketa oraindik beharrezkoa da. Sagarrondoen salmenta dela ala gertakari kulturalak direla, bide anitz ideki dira helburu hori lortzeko. Azkena, Seaskaren Lagunak elkartearena: 13 500 euroko emaitza egin dio lizeoari.

"Aurten Seaskak dimentsio berri bat hartuko du eta urrats hori azkarki lagundu nahi izan dugu", azaldu du elkarteak ohar batean. 2014ean sortua, Ziburuko ikastolari eman zion lehen txekea eta 4 000 eurokoa izan zen.

Jendeen hileroko emaitzari esker, dirua jasotzen segitu du. Eta hemendik aitzina xede bera du. "Pentsatzen dugu euskara babestu nahi duten guzien ardura dela gure Ikastolen sustengatzea eta haien garapenaren segurtatzea, heldu diren belaunaldiak ere ikastolako hezkuntzaz balia daitezen", dio oharrak.