Kazeta

Apirilaren 8a: armagabetze operazioak burutuko dituzte Baionatik kanpo

Bakearen artisauek apirilaren 8an iraganen den desarmearen egunari buruzko xehetasunak azaldu dituzte. Armagabetze "osoa, egiaztagarria eta egiaztatua" bermatuko dute, egun berean Baionatik kanpo eginen dituzten operazioen bidez.

 

Apirilak 8 milaka izateko deia egin dute bake artisauek. ©Isabelle Miquelestorena
Apirilak 8 milaka izateko deia egin dute bake artisauek. ©Isabelle Miquelestorena

Bakearen artisauek apirilaren 8ko eguna harreman anitzen bitartez lantzen ari direla nabarmendu dute. Hau da, nazioarteko aditu, Euskal Herriko erakunde ezberdinetako ordezkari, alderdietako ordezkari eta jendarte zibileko eragile anitzekin. ETAren armagabetze osoak "euskal gatazkaren ondorioen atal guzien konponbidean (presoak, erbesteratuak, biktimak, elkar-bizitza...) aitzina egitea ahalbidetu behar duela" diote agiri baten bidez.

Armagabetze operazioak Baionatik kanpo burutuko dira. "Operazio horiek segurtasun neurriak, eta ETAren armagabetze osoa, egiaztagarria eta egiaztatua bermatuko" dutela aipatu dute. Operazio horien testuinguruetatik kanpo, bakearen artisauen desmartxa sostengatzeko deia luzatu diete Euskal Herri osoko herritarrei.

Ildo horretatik, elkarretaratze bat burutuko dute 15.00etan Baionako hiri erdian. Ekimena "masiboa, anitza eta duina" izanen dela azpimarratu dute. "Gatazkaren alde guziek pairatu dituzten sufrimenduen errespetuan burutuko da", erantsi dute.

Goizean, 10.30etatik aitzina hitzaldi anitzak proposatuko dituzte Baionan. Konponbide prozesuetan adituak diren eragileek parte hartuko dute. Egunaren programa zehatza heldu diren asteetan plazaratuko dutela aipatu dute.