Kazeta

Euskal presoen egoeraz ohartarazi du Espetxe Zaintzako kontrolatzaileak

Euskal presoak sistematikoki beren senideengandik urrunduak dira. Horrek familiekin lotura mantentzeko duten eskubidearen kontra jotzen du, Adeline Hazan Espetxe Zaintzako kontrolatzaileak bere urteko txostenean salatu duenez.

Adeline Hazan Atxilotze guneen ikuskatzaile nagusiak egin ohi duen urteko txostenean euskal presoak aipatu ditu.
Adeline Hazan Atxilotze guneen ikuskatzaile nagusiak egin ohi duen urteko txostenean euskal presoak aipatu ditu.

Lehen aldia da euskal presoen egoera gisa horretako txostenean aipatua dela. Adeline Hazan Espetxe Zaintzako kontrolatzaileak bere urteko txostena plazaratu du martxoaren 22an. Euskal presoen egoera hurbiletik ikertu du. Ondorioztatu duen bezala, euskal presoei aplikatzen dieten politika "zorrotza" agerian utzi du.

Iazko urtean, 81 pertsonen %86a Hendaiatik 400 kilometrotara kokatuak diren presondegietan zeuden. "Preso horiek beren senideengandik urrunduak dira. Horrek, argiki, familiekin lotura mantentzeko duten eskubidearen kontra jotzen du", erantsi du. Emazteak diren euskal presoei dagokienez, egoera okerragoa da Estatu frantseseko hegoaldean kartzela gutiago daudelako. Datuen arabera, 2016ko bukaeran Estatu frantsesean espetxeratutako 81 emazteen gain, soilik hamar bat Mont-de Marsan eta Lannemezanen zeuden.

Txostena osatzeko euskal presoen gaiari buruzko testigantzak bildu ditu. Hain zuzen ere, Etxerat elkartearen gutunak jasotzeaz gain, ezker abertzalearen ordezkaritza bat, Euskal Herriko bakearen aldeko jurista taldea eta Colette Capdeville diputatu sozialistarekin bildu da.

Proposamenei erantzun ezkorrak

Informazioa jaso eta, kartzelako administrazioko zuzendaritzarengana joatea erabaki du. Bere xedea? Euskal presoen hurbilketa gomendatu edo behintzat, neurriak plantan ezartzea proposatu. Hala nola, mintzalekuen denbora emendatu, mintzalekuetan familien sarbidea erraztu eta menturazko laguntza ekonomikoak eskaini, besteak beste.

"Erantzun didate ezin dela gehiago egin. Alta, kondenen iraupena eta urrunduak direla kontutan hartuz, euskal presoen egoera berezia da", deitoratu du. Administrazioaren erantzunean, euskal presoen "profil arriskutsua" nabarmentzen dute. Erabakiak hartzerako orduan, borroka armatuaren bukaera kontutan hartu beharko luketela dio Hazanek.

Datozen egunetan, Estatuko Espetxe Zaintzako kontrolatzaileak txostena Errepublikako presidentea, Asanblada Nazionala eta Senatuari helaraziko die.