Digitalerako saltoa ofizialki egin du Euskal Monetak

Euskal Moneta elkarteak Eusko Eguna ospatu du martxoaren 19an Baionan. Ekimena baliatu zuen Euskokart euskarriaren erabilpena ofizialki abiatzeko.

Kazeta|20/03/2017 11:25
Guz_eusko_eguna_glain_baiona_imiquelestorena20
Eusko Egunaren ospakizuna Baionan. ©Isabelle Miquelestorena

Goizean goizetik, giro eguzkitsuak lagunduta, herritar andana bat hurbildu ziren Baionako Elkarteen Etxean antolaturiko Eusko Egunera. Euskal Monetak egun osoko egitarauaren bidez, numerikora egindako saltoa ospatu zuen. Hain zuzen, martxoaren 20etik Euskokart deituriko karta erabilgarria da.

Oroitarazi behar da kartaren proiektua burutzeko beharrezkoa den tresneria finantzatzeko, Crowfunding kanpaina bat abiatu zuela Euskal Monetak. Elkarteak 30.000 euro bildu nahi izan zituen eta Eusko Egunean iragarri bezala helburua gainditzea lortu du.

Euskokarta ordainketa txartelari esker kide bakoitzak Eusko kontu bat ukanen du. Norberak Internet eta Eusko komertzioetan erosketak egiten ahal ditu. Euskal moneta sortu zenez geroztik, lau urte pasa dira jada.