Kazeta
Entrevista
Txetx Etxeberri
Luhuson atxilotutako Bakearen artisaua

'Gobernuak lagundu nahi bagaitu, desarmea apirilaren 8a baino lehen egin daiteke'

Txetx Etxeberri bakearen artisauak ETA apirilaren 8an "erabat" desarmatuko dela jakinarazi du. Desmartxa horren zergatiak eta helburuak azaldu ondoren, Gobernu frantsesak "parte hartu nahi badu, desarmea lehenago" egin daitekeela nabarmendu du.

Txetx Etcheverriren ongietorria Baionako tren geltokian. ©Bob EDME
Txetx Etcheverriren ongietorria Baionako tren geltokian. ©Bob EDME

Komunikabide batzuetan aipatua izan da zuloen kokapena azalduko lukeen zerrenda bat helaraziko zaiola Gobernuari.

Ez da apirilaren 8ko egunari buruzko xehetasunak azaltzeko mementoa. Prentsan irakurri dudan guzia ez dator bat errealitatearekin. Ez dut ez baieztatuko, ezta gezurtatuko ere informazioa. Edozer gauza irakurri dut.

Hautatua izango litzatekeen bitartekaria Gobernukoa edo justiziakoa litzateke?

Ez gara xehetasunetan sartuko. Eginen den modua heldu diren hiru asteetan landuko dugu. Garrantzitsuak diren partaideekin batera aztertuko dugu.

Urkulluk desmartxaren berri ukan duela aipatu du. Horrez gain, zure adierazpenei "sinesgarritasuna" eman diela jakinarazi du.

Desmartxaren jatorria gogoratu beharra dago. Bakearen artisauek lan handia burutu dugu Luhusoko gertakariaz geroztik. Eragile askorekin elkartu gara. Hasieratik, desarme ordenatu, berehalako, segurtatu eta isila antolatzeko, parte hartzeko aukera eskaini diogu Gobernuari. Guk berresten duguna da desarmea Lehendakaritzako hauteskundeak baino lehen burutu nahi dugula. Gaur egun, Gobernuak bere ardurak hartzen ez dituenez, gizarte zibilak hartu beharko ditu.

Luhusoko gertakariaz geroztik, harreman asko izan ditugu eragile eta erakundeekin. Urkulluk sinesgarritasuna eman badie adierazpenei, pentsatzen dut elementuak dituela hori egiteko.

Oraingoz, apirilaren 8ko egunari buruzko xehetasunik ez plazaratzea erabaki duzue?

Michel Berchocoirigoin eta Michel Tubianak Biarritzeko foroan azalduko duten bezala, garrantzitsuena da jakitea zergatik puntu horretaraino iritsi garen, zer gertatu den Luhuso eta gero, eta zergatik desarme egun bat antolatu duen gizarte zibilak. Halaber, etorkizunari begira desarme horrekiko ditugun aurreikuspenak ulertzea funtsezkoa da.

Gure iritziz, egoera bat garatzeari buruz hitz egin behar da. Gauzak aitzinatzea, eta batez ere bake prozesuari lotutako gaiak aurreratzea. Hots, biktimen onarpena, konponketa eta preso zein iheslarien egoera. Hori guztia dago jokoan. Horrek guztiak definituko du desarmearen antolaketa.

Orain arte desarme horrekiko, Gobernuak bi aukera dituela nabarmendu duzu.

Berresten dugu desarmea hauteskundeak baino lehen burutu nahi dugula. Eta, eginen dugu. Gobernuak elkarlanean aritu nahi badu, desarmea apirilaren 8a baino lehen egin dezakegu. Edozer gauza gertatuz gero ere, desarmea egun horretan eginen da. Gobernuak lagundu nahi bagaitu, lehenago egin daiteke. Gure atea idekia dago. Bestela, gizarte zibilak egin beharko du. Ezin ditugu beste bost urte pasa konponduta ez den desarmeak ekartzen dituen eraginak pairatuz.