Kazeta

"ETA erabat desarmatuta egonen da apirilaren 8an"

Apirilaren 8an ETA "erabat" desarmatuko dela jakinarazi du Le Monde egunkariak martxoaren 17an. Desarmatzearen operazioan gizarte zibileko ehun bat pertsonek parte hartuko lukete, horien artean eskualdeko hautetsiak presente lirateke.

Txetx Etxeberrik iragarpena egin du Le Monde egunkarian.
Txetx Etxeberrik iragarpena egin du Le Monde egunkarian.

"Desarmatzeari loturiko desmartxak berriz abiatuko dira". Le Monde egunkariak informazioa plazaratuko du biharko edizioan, baina aurrerapena eskaini du bere webgunean. "ETAk bere armategia desarmatzeko erantzukizuna eman digu, eta apirilaren 8an arratsaldean erabat desarmatuko da", azaldu dio Txetx Etxeberrik egunkariari. Bere erranetan, "Estatu frantseseko agintarien engaiamendua falta da arma horiek Nazioarteko bitartekarien zaintzapean jasotzeko. Gaur egun, baldintza horiek ez dira beteak".

Gaurko iragarpena bakearen artisauek hilabete hauetan egindakoaren emaitza berri bat litzateke. Oroitarazi behar da abenduaren 16ean Michel Berhocoirigoin, Txetx Etxeberri, Michel Berhokoirigoin, Beatrice Molle-Haran, Mixel Bergouignan eta Stéphane Etxegarai atxilotu zituztela Luhuson. Horietako hiruk gutun baten bidez azaldu zutenez, ETAren armategiaren zati bat desegiteko engaimanedua adierazi zuten. "Desarmatze prozesuari ekiteko" asmoarekin, ETAren armategiaren %15a inguru desegiteko prozesua abiatu zuten.

Atxiloketek elkartasun eta mobilizazio uholde bat abiatu zuten. Gertakarien biharamunean 4.000 pertsonek Baionako karrikak zeharkatu zituzten. "Bakearen alde" lelopean, Estatu frantses eta espainiarrei armagabetze prozesuan eta orokorki gatazkaren konponbidean parte hartzeko deialdia luzatu zieten.

Egun batzuk beranduago, eskakizun hori berretsi zuten Ipar Euskal Herriko 600 bat hautetsik. Horiek gutun bat helarazi zioten Gobernu frantsesari abenduaren 23an. Oraingoz, gutun horrek ez du erantzunik jaso, Txetx Etxeberrik Garari azaldu dionez. Bere aburuz, "ez da normala, egoera bera ez da normala".

Elkarrizketan, bakearen artisauen desmartxak "Euskal Herriko gizartearen gehiengoaren eskakizuna" islatu du. Bururaino eramateko borondatea nabarmendu eta "lehendakaritzako hauteskundeak baino lehen burutu beharreko" garrantzia azpimarratu du. Bi aukera posible daudela aipatu du: edo Gobernuaren parte hartzearekin, edo, "beharrezkoa" izanen da gizarte sozialak egitea, "modu parte hartzailean". Bizi ! mugimenduko militanteak desarmatze hori "segurtatua eta ordenatua” izan dadin Gobernuari proposamenak helarazi dizkiotela erran du. "Gobernuak ez badu bere ardura asumitzen, guk eginen dugu", erantsi du.