Kazeta

Audientzia Nazionalak Sareri dirua ez itzultzea ebatzi du

Sareren helegitea ezeztatzea erabaki du Estatu espainiarreko Audientzia Nazionalak. Elkarteak 2015ko urtarrileko manifestazioan bildutako dirua berreskuratzeko xedea zuen.

Guardia Zibila LABen egoitzara sartu zen manifestazioan bildutako dirua kentzeko.
Guardia Zibila LABen egoitzara sartu zen manifestazioan bildutako dirua kentzeko.

Audientzia Nazionalak ez dio dirua itzuliko Sare elkarteari. Euskal presoen eskubideen aldeko elkarteak justiziak hartutako erabakiaren berri eman du martxoaren 16ean. Mugimenduak aurkeztu zuen helegitea aztertu zuten otsailaren 23an eta gaur epaileen deliberoa jakinarazi du.

Oroitarazi behar da, 2015eko urtarrileko manifestazioan bildu zuen dirua kendu ziola Guardia Zibilak. Hain zuzen, Bilboko LABen egoitzan sartu eta protestan bildu zituen 104.000 euro eraman zituen.

Zailtasun ekonomikoei aurre egiteko xedez, sostengua adierazteko deia luzatu du Sare elkarteak. Ildo horretatik, Elkartasun astea antolatuko du martxoaren 17tik 22ra. Aste horretan hainbat mobilizazio eginen dira herrietan. Informazioa laster zabalduko duela aipatu du.

Ekimenaren helburua indarrak biltzea eta mugimenduaren eginkizunaren segida ziurtatzea da. Halaber, ekarpen ekonomikoak egiteko webgunera jo daiteke.