Sorkuntza artistikoa kondenatu dute

Katuki Saguyakiko marrazkilariak kondenatuz, Kukuxumuxu enpresaren alde jo du Iruñeko Merkataritza alorreko Auzitegiak. Marrazkilariek deliberoaren kontrako helegitea aurkeztuko dutela iragarri dute.

Kazeta|14/03/2017 15:45
-3
Markok bere iritzia plazaratu du marrazki baten bidez. ©Marko

Ricardo Bermejo gaur egungo Kukuxumuxuren arduraduna eta Mikel Urmeneta sortzailearen arteko auziaren erabakia jakinarazi du Iruñeko Merkataritza alorreko Auzitegiak. Justiziak enpresaren alde jo eta marrazkilariak kondenatzea erabaki du martxoaren 14ean. Deliberoa jakin bezain laster, "sorkuntza zigortzen duen epaia dela" deitoratu dute marrazkilariek.

Marc Armspach "Marko" Katuki Saguyaki taldeko kidea da. Bere erranetan, "artistak sorkuntzaren giltza dira". "Gu gabe ez da deus. Zapaltzen bagaituzte, ez da ezer", azpimarratu du. Kukuxumuxuren kontrako auzian Mikel Urmenetari "adierazpen askatasuna urratu diotela" salatu du. "Marrazkilari baten hitz garrantitzuena, marrazkia bera da", gehitu du.

Epaileak "Kukuxumuxu unibertsoa" osatzen duten marrazkiak egiten jarraitzea debekatu die Katuki Saguyakiko artistei. Horrez gain, aipaturiko unibertsoko marrazkiak banatzea debekatu die. Justiziaren argumentu nagusia da pertsonaien jabetza eskubidea enpresaren esku gelditu zela bi alderdiek izenpeturiko hitzarmen bati esker.

Gainera, pertsonaiak eraldatzea debekatu die. Hau da, marrazkilariek ezingo dituzte pertsonaiak edozein eszenatoki berri batean islatu. Halaber, epaiak dioenez, Katuki Saguyakiko kideek Kukuxumuxuren marrazkiak merkatutik kendu behar dituzte. "Pertsonaiak agertu edo eraldatuak erakusten dituzten edozein eskuorri, prezio zerrenda eta iragarkiko materialak kendu behar dituzte".

Elkartasunaren ikurrak

Katuki Saguyakiko marrazkilariek kalte ordainak pagatu beharko dizkio enpresari. Epaileak azaldu duenez, hogei eguneko epean erabakiaren kontrako helegitea aurkeztu dezakete kondenatuek. Erabakiaren berri jakin bezain laster, kontra joko dutela esplikatu dute marrazkilariek. Hain zuzen, Markok "normaltasunez" segituko dutela aipatu du. "Guk sortzen, marrazten eta aitzina segituko dugu", erantsi du.

Kondenatuak izan diren marrazkilariek sententziaren oinarri juridikoak kritikatu dituzte. Beren aburuz, "Kukuxumuxu enpresaren ondorioak kopia literala direla" diote. Agiri baten bidez, Estatu espainiarreko hainbat ilustratzaileen sostengua jaso dutela gogoratu dute. Elkartasuna adierazi dutenek "Bermejo sorkuntzak masiboki ustiatzen entseatu" dela deitoratu dute. Horrek "sortzaileen eskubide moralak urratzen dituela" nabarmendu dute.