Idoia ERASO
Entrevista
PEIO OSPITAL
Kantaria

'Kantagintzak eman dit herriaren taupaden erritmoan bizitzeko aukera'

"Arnasa... Hatsa... Bizia..." diskoa aurkeztuko du gaur abiatuko den Iparraldea Bertan jaialdian, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Festibalaren 16. edizioan lau ekitaldi antolatuko dituzte: martxoaren 9, 16, 23 eta 30ekoa. Irakurketa musikatua eta film dokumental bat proposatuko dute egitarauan, besteak beste.

Ipar Euskal Herriko kulturako erreferente bilakatu denak Euskal Irratietan eta Lapurdi Irratian ere kolaborazioak egiten ditu. ©Isabelle Miquelestorena
Ipar Euskal Herriko kulturako erreferente bilakatu denak Euskal Irratietan eta Lapurdi Irratian ere kolaborazioak egiten ditu. ©Isabelle Miquelestorena

Lau hamarkadaz elkarrekin aritu ostean, Pantxoa eta Peio bereizi egin dira, eta bi kantariek banakako ibilbideari heldu diote. Pantxoa Karrerek Elkar-ekin "Anaitasunean" aurkeztu eta gutxira jakin genuen Peio Ospitalek ere bere aldetik lan berri bat sortu zuela. Bikotearen azken diskoa argitaratu zuen Agorila diskoetxearekin "Arnasa... Hatsa... Bizia..." kaleratu du, Garako artikuluak azaldu duenez.

Nolatan bereizi zarete Pantxoa Karrere eta zu elkarrekin halako ibilbide luzea egin eta gero?

Esango nuke kantagintzan ibilbide zoragarria egin dugula, 40 urtetik gora. Kantagintzak eman dit herriaren taupaden erritmoan bizitzeko aukera eta grazia. Niretzat hunkigarriena da jendearen partetik lekukotasun batzuk jasotzea, eta pentsatzea gure kantuak garai batean jende batentzat bidelagun izan direla. Testigantzarik hunkigarriena hori da. Bakoitzak badu bere ibilbide pertsonala ere, eta orduan, nire ustez, erantzunik hoberena eskuetan dugun diskoa da. Entzun bata, entzun bestea eta bakoitzak sortuko ditu bere iritziak eta ondorioak.

Pantxoak, GARAri emandako elkarrizketan, bakoitza bere aldetik joanda askatasun handiagoa zegoela erran zuen.

Bai, bikotearen uztarritik banantzeak, ematen dio bakoitzari lan pertsonalagoa bideratzeko aukera, eta oso ondo dago.

Elkarrekin egindako lanetik badu zerbait disko berri honek ala anitz ezberdintzen da?

Pertsonak dauka bere osotasuna, baina bere bilakaera pertsonala ere, eta nire partetik disko hau bilakaera horretan kokatzen da. Aurrekoak bere eragin guztia baduela ezin da ukatu. Niretzat hau da gaurkotasuna harrapatzeko bide bat.

Gure herriak ere aldaketa handiak ezagutu ditu azken urte hauetan, eta uste dut jende asko dagoela gure artean, batez ere gatazka armatuaren ondorioz berreraikuntza pertsonalaren prozesuan, eta jende hori gure artean bizi da. Konfliktoak gutxi edo aski, gertutik edo urrundik ezagutu dituen jendea bada, baina egun elkarbizitza behar dugu bideratu. Hori da gure gaurko erronka. Eta ni ere hor kokatzen naiz, bilaketa horretan, bilakaera horretan.

Bihurgune bat dela diozu diskoaren aurkezpenean, "aldaketa sakon bat".

Barne bilaketa bat bezala, baina molde xumean. Ni herritar bat besterik ez naiz, ez pentsalari bat, ez teologo bat, ez filosofo bat; herritar arrunt bat besterik ez. Eta hortik abiatuz, beharbada pentsatuaz jendearen bidelagun izan daitezkeela kantu hauek, besterik gabe.

"Arnasa... Hatsa... Bizia..." da diskoaren izenburua.

Bai, arnasa Hegoaldean esaten da gehiago; guk hemen hatsa esaten dugu, eta gero bizia, pertsona bakoitzak bizi duen oro, zeharkatzen gaituen bizi indarra. Hau egunerokotasunean bizi dugu, arnasa hartzen dugu pentsatu gabe ere, baina hor bizi da gure baitan, horrek bultzatzen gaitu, horrek eramaten gaitu, hori da bizi indarra. Manex Erdozaintzik horri deitzen zion 'biziaren mugimendu dardara' eta Iratzederrek aipatzen zuen 'lurren pil-pil gozoa'. Hori da gutarik bakoitza zeharkatzen gaituen bizia.

Arnasa, hatsa eta bizia zuretzat musika dira?

Musikan, eta abesti askotan aurkituko ditugu hitz horiek, arnasa, hatsa, hotsa, ahotsa…

Poesia asko dago.

Bai, baina poesia eskuragarria, uste dut ulertzeko modukoak direla, nahiz eta Iparraldeko jendearentzat indar txiki bat eskatu, gipuzkeraz baita. Beharbada ez dira lehen entzunean ulertzeko kantu errazak, baina lehen aldian jabetzen ez bada, entzun bitan, edo hirutan.

Kolaborazio anitz izan dituzu.

Lau urteko lanaren emaitza da. Andoni Salamero Alberdi zumarragar olerkaria 15 urte dira ezagutzen dudala, proiektu hau gauzatzen hastean berarekin gogoratu nintzen. Nik gaiak ekarri, ideiak elkarrekin trukatuz, eta azkenean berak forman eman ditu gauzak. Hala ere, badira batzuk zeuden bezala hartu ditudanak, 'Zu eta ni' eta 'Hegalaren emanaldia'. Andoniren bederatzi testu daude.

Itxaro Bordari ere testua idazteko eskatu diozu.

Bai, jende batzuk oroituko dira duela 40-45 urte Xabier Letek idatzi zuen 'Teologia, ideologia' kantuaz. Esan genezake garai hori marxismoaren garaia zela, eta Xabierrek bere umorearekin kontatzen zuen jende askok, eta apaiz askok, ordena utzi zutela, lantegietara sartu zirela, eta batzuk marxismora konbertitu ziren. Letek irudia erabiltzen zuen, Adan, paradisutik kanporatua izan zenean, Bilbora etorri zela gaueko trena hartuta eta Altos Hornos-en peoi sartu zela kontratua sinatuta, eta han bere lagunek pixkanaka fede berrira konbertitu zutela.

Eskema bera erabiliaz eskatu diot testu bat Itxaro Bordari, eta erabili dudan irudi biblikoa uholdearena da, ikusiz gaurko korrupzioa, ustelkeria eta hori guztia… eskatu nion erratea nola ikusiko lukeen berak jainkozko justiziaren aplikazioa gaur egun, eta honi lotuz ekologia.

Niri asko gustatzen zait Bizi mugimenduak egiten duen lana, eta bere buru den 'Txetx' Etcheverry. Orduan esan nion nahi nuela agertzea 'alternatiba' hitza, baita uztartzea Frantzisko aita sainduak egin duen entziklika ekologiari buruz eta Bizik egiten duena, Aita Saindua eta Txetx uztartuz. Letek erabili zuen doinu berbera erabili dut.

Marc Aillet apezpikuarekin arazoak izan zenitueneko testuak ere agertzen dira.

Duela urte bi izan nuen liskar bat Apezpikutegiko informazio buruarekin, eta garai horretan jaso nituen sostenguen artean Zuberoatik jaso nuen gutun bat, non beraiek bizi izan zuten gertakizun mingarri bat ere aipatzen zen. Eta amaieran bi kopla zeuden, eta horiek musikatu egin ditu Mixel Ducauk, gotzain honi herriaren erantzuna bezala emanaz.

Beste testu bat eskatu nion Joxe Arregiri, biziari gorazarre bat, ereserki bat. Lotsaz bidali zidan, eta hor dago, zoragarria!

Aspaldiko testu batzuk ere erabili dituzu.

Bai, Juan Basurkoren testu bat ere badago, hondarribiarra zen, eta 1937an egin zituen bertso batzuk Urruñan errefuxiatu zenean, oso hunkigarria. Gaur-gaurko gai bat ukitzen du, immigrazioa. Jende horrek ihes egin behar izan zuen Iparraldera, gertakizun historikoa gogoratu, eta norbera immigrazioak sortu duen arazo horren aurrean jarri nahi izan dut.

Basurkok koplak amaitzean egiten duen galdera, gaur-gaurkoa da: “Zitalkeriak oinperatuta pakean bizi gaitezen”. Tragedia bat da gertatzen ari dena, eta horren aurrean hausnarketak egin behar ditugu, zein den gure jarrera… Herri emigranterik izan bada euskaldunak izan gara, eta besteei buruz ze begirada dugu? Gogoeta bezala.

Nihaurrek burasoei eginiko aspaldiko testu bat ere jarri dut.

Testuek garrantzi handia dute, eta musikak?

Musikari dagokionez, bereziki Mixel Ducauk eginikoa da. Mixelek dohain berezia badu musikarako, baina beste aldetik ere apaltasuna. Badu bestearen zerbitzura jartzeko talentu edo dohain berezi bat, eta profesionalki ere horrela egin izan du, musikaren bidez bestea gorantz atera. Mixelek ondo ezagutzen nau, badaki zeintzuk diren nire mugak, ez naiz musikaria, ez naiz profesionala eta zoragarri moldatzen naiz berarekin.

Bereziki eskertzen duzu zure diskoan Ducau.

Bai, berak zazpi doinu egin ditu. Hiru doinu eginarazi nizkion Antton Valverderi; bera ere aspaldiko laguna da, eta hemen ere nabaritzen da nik 'anttonkadak' deitzen diodan hori, Anttonen eskua; Andoniren bi testu musikatu ditu. Aitaren doinu bat, eta gero doinu zahar bat erabili dut.

Aipatzekoa da ere Paul Smet pianista. Moldaketak Mixelekin batera egin dituzte biek. Oso interesgarria izan da bi eskolen arteko topaketa. Mixel folk-jazz munduko musikako eskolakoa da; Paul, aldiz, klasikokoa da. Aspalditik ezagutzen dut, flandriarra da eta orain Donostian bizi da. Hasieran Paulek egin zituen bere proposamenak, Mixel harrituta gelditu zen eta dena zakarrontzira joan zen. Baina gauzak bideratzen joan gara, eta Mixelentzat ere sorpresa izan da topaketa honek eman duena.

Nola definituko zenuke diskoko musika?

Soiltasuna da nagusi, pianoa eta gitarra. Grabaziorako kontrabaxu bat ere bai, baina soiltasuna bilatu nahi izan dugu. Soil eta sotil.