Iurre BIDEGAIN

Kalakaño, haurtzaroari euskaraz zuzenduriko hilabetea

Haurtzaroari zuzenduriko aktibitateak proposatuko dituzte martxoaren 7tik 30era. Lehen aldiz Errobi lurraldeko euskara, kultura eta haurtzaroko zerbitzuek antolatuko duten ekimenak euskara eta kulturari buruzko aktibitateak sustatu nahi ditu.

Ekimenak Kanbo, Uztaritz eta Jatsun antolatuko dituzte. © Bob Edme
Ekimenak Kanbo, Uztaritz eta Jatsun antolatuko dituzte. © Bob Edme

Errobi lurraldeko euskara, kultura eta haurtzaroko zerbitzuek lehen aldiz Kalakaño deituriko ekimena antolatuko dute. Martxoaren 7tik 30era euskarazko aktibitateak proposatuko dizkiete haurtzaindegi eta etxeko haurtzainei. Kalakaño haur, buraso eta profesionalei zuzenduko zaie.

Kalakaño egitarauko aktibitateen lotura euskara da, hizkuntza. Ione Josié Euskara zerbitzuko kideak azaldu duenez, ekimenaren izenak mintzamena eta zuzentzen zaion publikoari erreferentzia egiten dio. Publikoa murriztua da, hau da, haurtzaindegiak eta etxeko haurtzain euskaldunak. Hori dela eta, hitz "goxo eta intimoa" bilatu nahi zutela esplikatu du kideak. "Lehen edizioaren egitaraua nahiko xumea da. Hurrengo urteetarako indartu nahiko genuke eta horretarako haurtzaindegiekin antolatu nahiko genuke", erran du kideak.

Errobi ibarrean orotara bederatzi haurtzaindegi daude. Horietako seik Eskararen Erakunde Publikoarekin partaidetza bat dute euskarazko harrera proposatzeko xedez. Josiék aipatu duenez, sei horien beharrak identifikatu eta horiei erantzuteko ekimena sortu dute. Hala nola, euskararen erabilpena eguneroko bizitzan.

Antolatzailearen erranetan, "tipitatik arte, kultur eta hizkuntza sentsibilizazioetan parte hartzeak gazteen garapen gaitasunak anizten ditu". Euskara eta kultura eskaintza anitza proposatzeaz gain, Errobiko haurtzaindegien arteko lotura sustatu nahi du Kalakañok.

Zirku, antzezlan eta eztabaida

Jarduera zehatzak euskaraz antolatzeko parada eskainiko du ekimenak. Martxoaren 12 eta 22an Oreka zirku eskolak haurrekin jarduera bat antolatzeko formakuntza proposatuko du. Parte hartzaileei teknika eta pedagogia irakatsiko dizkiete.

Martxoaren 7tik 21era Luhusoko Harri Zurin egonaldia egin duen Kiribil konpainia lurraldeko bederatzi haurtzaindegietan ibiliko da. Interbentzio artistikoak eskainiko ditu. Gainera, martxoaren 14ean "Nundik" ikusgarria proposatuko du. Natura, ahotsak eta musika taula gainera eramaten duen emanaldia hiru hilabetetik gorako haurrei zuzendua zaie.

Erran bezala, burasoek ere beren tartea izanen dute egitarauan. "Elebitasuna lehen haurtzaroan: burasoak euskararen eskutik, adin erabakigarrian" lelopean mahai inguru bat antolatuko dute martxoaren 23an Kanbon. "Sentsibilizazio kanpaina bat egin nahi dugu. Eskolan ere euskaraz segitzeko aukeraz hitz eginen dugu, besteak beste", gehitu du.