Iurre BIDEGAIN

Hegazti gripea: kasu bat Mitikilen

Hegazti gripearen kasu bat atzeman dute Mitikileko herrian. Etxaldearen inguruan hiru kilometroko segurtasun eremua ezarri dute.

Aurten Euskal Herrian atzematen duten lehen kasua da. ©Isabelle Miquelestorena
Aurten Euskal Herrian atzematen duten lehen kasua da. ©Isabelle Miquelestorena

Hegazti gripea Ipar Euskal Herrira ailegatu da, berriz ere. Hain zuzen, Mitikileko etxalde bateko ahateei eragin die eritasunak, ELB sindikatuak baieztatu duenez. Etxaldeko hegaztiak hilko lituzkete oso fite. Gainera, hiru kilometroko segurtasun eremu bat ezarri dute.

ELBko kidea den Panpi Saint-Mairiek azaldu duenez, etxaldean 1.000 ahate inguru daude. Jabeek Landesetan ahateak erosiko zituzketen eta horrek eritasuna ekarriko zukeen. Sindikalistak aipatu duenez, hiru kilometroko segurtasun eremu horietako etxaldeetan analisiak eginen lituzkete, eritasuna hedatu ez dadin ziurtatzeko. "Zonalde horretan beste kasu bat atzematen badute, hegaztiak hilen dituzte ere", erantsi du.

"Barkoxen adibidez ahate hazkuntzak daude. Abereak hazten eta saltzen dituzte. Lanjerra da horiei ere eragitea", nabarmendu du.

Oroitarazi behar da iazko urtarrilaren hasieran hegazti gripearen kasu bat atzeman zutela Gabadiko etxalde batean. Hori dela eta 10.000 oilasko hil zituzten eta segurtasun neurriak plantan ezarri zituen prefekturak.