Etxarriko AFMR zentroko salmenta salatuko dute otsailaren 25ean

Baserrien Heziketarako Elkarteak Etxarriko formakuntza zentroa saldu izana salatuko dute manifestazio batean otsailaren 25ean. Mobilizazioaz gain, hainbat ekimen prestatuko ditu salmenta deitoratzeko sortu den kolektiboak.

Kazeta|20/02/2017 12:20|0 comentarios
Guz_rassemblement_st_palais_8494
Etxarriko gazteluaren salmentaren kontra 2.700 izenpetura bildu ditu kolektiboak. ©Aurore Lucas

Etxarriko Baserrien Heziketarako Elkarteak (AFMR frantsesez) Etxarriko formakuntza zentroa saldu zion Saint-Pie X anaidiari bere eskola pribatua lekuz aldatu dezan. Erabakiak herritarren artean kexa piztu du. Desadostasuna adierazteko kolektibo bat sortu zuten, ikasle ohiak tarteka. Irailaren 10ean Donapaleun antolatu zuen manifestazioa eta gero, ekimen berri bat antolatuko du taldeak. Ekimena otsailaren 25ean iragan da Etxarrin.

"Mobilizazio alaitua" izanen dela azaldu du Isabelle Marco kolektiboko kideak. Hots, goizean, 10.00etan gazteluaren gune historikoan eginen duten manifestazioaz gain, hainbat animazio prestatuko dituzte. Taloak eta salda proposatuko dituzte Arueko ezker paretan. Gainera, Pil Pil eta Kuntzulu taldeek giroa alaituko dute beren musikarekin.  

Kolektiboak agiri batean orain arte egindako lana gogoratu du. Bere aburuz, salmentarekin AFMR elkarteak "formakuntza tresna hori puskatu" du. Informazioa adituen esku utzi duela azaldu du. Hain zuzen, hilabete hauetan hainbat erakundeekin elkartu dela dio. Hala nola, herri elkargoetako hautetsiak, eskualdeko kontseilaria eta diputatuak.

"AFMR-ri doakionez, urtarrilaren bukaeran, beste 6 langile kanporatu dituztela jakin dugu", erantsi du. Oraingoz, hamahiru pertsona kanporatu, bi kontratu hauste eta lau langile erosleen esku utzi dituela aipatu du kolektiboak. Horiek guziekin zertan da AFMR-ren helburua, garapen egitura gisa jendeek, erakundeek, lurraldeek dituzten proiektu eta aldaketen sostengu eta laguntzaile agertzen dena?", gehitu du.

Taldeak mobilizazioan parte hartzeko deialdia luzatu du eta datozen egunetan zehaztasun gehiago emanen dituela erran du. "Denek elkarrekin gune hori berreskura dezagun Euskal Herri barneko interes orokorreko leku dinamikoa bilaka dadin", nabarmendu du.