Laborari
Entrevista
Sauveur Falxa
Erretretan dagoen laboraria

"55 urtetan seurik hasi behar da pentsaketa"

Urte luzaz Goanetxean laborari gisa aritu eta berriki erretreta hartu du Sauveur Falxak. Bere alabak segida hartzeko entsegu bat egin ondoren, etxaldearen segida antolatzen ari dira gaur egun.

 

Falxa urte luzaz zerri hazkuntzan aritu da. ©Laborari
Falxa urte luzaz zerri hazkuntzan aritu da. ©Laborari

Zer ari zira erretretan sartu zirenetik?

Oraino lanean, bainan egia erran ez lehen bezala. 2014ko uztailan erretretan sartu niz eta buruilaren 1an, ene alabaren izenean ezarri ditut denak. Hemen eta kanpoan ari da lanean. Tropa ttipitu dugu beraz eta ardien deiztea gelditu dugu, hor niz erretretan senditu. Egun laguntzen dut ardien atera-tzen, sartzen... Etxean okupatzen niz, haur ttipi bat badugu eta haur zain egoiten gira denbora pasa. Kanpoan kurritzen niz ere, aste guziz mendian ibiltzen gira eta ateraldiak egiten ditugu. Kanbiatu dena da nahi dugularik joaiten ahal girela.

Nola lanean ari zinen erretretan sartu aintzin?

Ene emaztearekin Goanetxea erosi dugu 1984an. Hemen beti izan dira 12 hektara lur erabili, horietan beti egin dut hektara bat eta erdi arto bihi ardientzat, eta beste guzia pentze. 200 bat ardi, 150 bat deizteko, atxikitzen nituen eta 16 000 pinta esne saltzen nituen CLPBri. Hazkuntzarako 30-35 bat axuri atxikitzen nituen eta ametarik berexten 15-17 kilo bazituztelarik. Ardiak uda guziz mendirat joaiten ziren. Biziki inportanta zen denbora berean zuhainak egiten bainituen, arrunt guti erosten nuen kanpotik, luzerna pixka bat, bainan arras guti. Egun 150 ardi, gehien eta hazkuntza, badira.

Denbora guzian hola arizan zira?

Ardien ondoan zerri hazkuntza banuen ere. Dozena bat urtez arizan niz Lur Berrirekin “porc fermier du Sud Ouest” delakoan, 500 bat zerri hazten nituen urtean, beti kanpoan. Hura utzita, beste hamar urtez euskal xerri hazkuntza ukan dut, 50 bat zerri urtean, Oteizari joaiten zirenak. Prezioarengatik utzi nuen Lur Berriko xerria, ez ginen gehiago atera-tzen. Prezio horiek beti finkatuak ziren Bretainako prezioen arabera eta ez nuen segurtamenik. Euskal xerriarekin ez zen batere lan bera, zerriek lurrak ez zituzten hainbeste xehatzen. Aldaketa egin nuen ere ez nuelako sistema intensibo batean gelditu nahi. Xerriak utziak ditut duela hiruzpalau urte, fres andana bat egin behar bainuen, kabanak arraberritu... Orduan nehore ez nuen ikusten segidako, eta deliberatu nuen ardiekin bakarrik gelditzea. Oro har, ez niz arizan haunditu nahian. Etxean etxekoz bizitzeari arizan niz, ene kabalendako behar nuena egin ahala etxean eginez.

Zer bilakatuko da zure etxaldea?

Egun batez erran nien haurreri mementua zela, ni erretretarat hurbiltzen ari ninzala eta hauetarik bat interesatua balin bazen, erran behar zuela. Hartan Elorrik erran zuen urte bateko entsegua egin nahi zuela eta ez bazitzakon egoki utziko zuela bere aintzineko ofizioaren segitzeko. Eta hola gertatu da. Mementoan Elorrik “double actif” gisa segitzen du bainan pentsu dut ez duela luzaz iraunen. Haurrekin trenkatu behar dugu zer eginen dugun.

Eta beste norbaiti utzi menturaz?

Elorri instalatu aintzin jadanik pentsaketan hasi nintzan. Ibiltzen ginen AFOGarekin, Laborantxa  Ganbararekin ere, gogoeta egiten erretretari eta transmizioari buruz. Lehenago hasi behar nuen. Jendeeri kontseilatzen diet lehenago planta diten, urteak fite pasatzen baitira. 55 urtetan seurik hasi behar da entsaketa egiten transmizioari buruz. Familian pasatzen delarik - ez  da hori ere beti segura - errexago da iduriz kanpoko norbaiten hartzea baino. Kanpoko bati segida utzi duten lagun batzurendako gaizki pasatu da, bertze batzurendako biziki untsa martxan da aldiz. Bi pentsaketa eginarazten ditu, beti nahiago baituzu familian atxiki, bainan familiako haurrek ez badute nahi ez du balio tematzea. Egia da hemen etxaldeari atxikiak girela. Enetzat ez da batere gauza bera, Goanetxia ez dut ene sortetxea, ez dut ukana. Bihotz ximiko bat eginen daut bainan ez dut nehori “zorrik” xekatuko.

Ondoko urratsak zoin izanen dituzu?

Lurrak haurren izenean ezarriko ditugu, segur naiz berek proposatuko dutela norbait ala zerbait. Egia da nik ez nukela nahi sal ditzaten, bainan nork baliatuko dituen ez dakit. Hastapenean ari nintzan hemen sistema hoberena ardi hazkuntza zela, mendia baliatuz. Bainan nik ere nahi dutana egin dut, eta ez dut ikusten nola zerbaitetan obligatzen ahal dutan hemen instalatuko dena. Halare ez nuke nahi proietua intensivo zerbait izan dadin, zer nahi ahate edo mila ardiekin. Ez da kanpo haundirik, ez da animaleko etxaldea baina halare norbait instalatzen ahal da. Gu untsa bizi izan gira, nahi nuke ondokoak gu bezain bat egin dezan, gehiago ahal badu, bainan haunditzea ez xekatu, ez zait iduri aterabide bat den. Ez bada inbeztizamendu eta fres haundirik egiten, etxalde ttipi batekin bizitzen ahal da. Nahiago nuke gazte batek har baleza segida, dudarik gabe. Etxaldeak ikusten ditugu, nun famili bat bizitzen ahal zen, bizpahiru auzoen artean partekatuak. Etxea egoiten da, izena ere, bainan etxaldea desagertzen da eta hori domaia da, herriko biziarentzat ere. Beti borrokatu gira etxaldeen atxikitzeko. Norbait hemen instalatzen balin badan, gu ondoan izanki, zaila izanen da urrunetik so egitea bakarrik baina beharko da. Galdegiten badaut, joanen naiz laguntzera, hori dudarik gabe, bainan buruan sartua dut ere ez dutala sudurrik sartuko. Ez da aise bainan memento batez jakin behar da mozten.