Kazeta

Errobin urrea esploratzeko kontsulta publikoa abiatu dute

Errobi ibarreko herritan urrea esploratu nahi du Sudmine enpresak. Egitasmoari buruzko kontsulta publikoa abiatu du Ekonomia eta Finantza Ministeritzak. Ingurumenaren alde jo duten elkarteek proiektuaren eraginak oroitarazi dituzte. Ildo horretatik, Stopmines EH kolektiboak elkarretaratze bat antolatuko du otsailaren 11n Ezpeletan.

Stopmines elkarteak kontsulta publikoa iritzia plazaratzeko "memento bakarra" dela uste du. ©Isabelle Miquelestorena
Stopmines elkarteak kontsulta publikoa iritzia plazaratzeko "memento bakarra" dela uste du. ©Isabelle Miquelestorena

Errobiko hainbat herritan urrea esploratzeko proiektua isilean dagoela badirudi ere, egitasmoa aitzina doa. Hain zuzen, urtarrilaren 30az geroztik kontsulta publiko bat abiatu du Ekonomia eta Finantza Ministeritzak. Sudmine enpresari urrea esploratzeko parada emanen dion baimenari buruz bere iritzia plazaratu dezake edonork otsailaren 17a arte.

Kontsulta hori bete beharreko desmartxa da baimena lortzeko. Publikoa izan behar lukeen arren, ingurumenaren alde lan egiten duten elkarteek "abisatu gabe" abiatu dutela salatu dute. Maryvonne Gervaise Action Citoyenne Environnementale deituriko elkarteko kidea iragan astean ohartu zen. "Ustekabean atzeman dut Minéral info webgunean", aipatu du.

Stopmines EH elkarteak ere kontsultaren kontra jo du. Thierry Michelek "denak kontra daudela" nabarmendu du. "Denak, salbu Sudmine. Horrek, interes ekonomikoak gidatuta, urrezko mina bat atzeman nahi du", gehitu du.

Hiru urte hauetan elkarteak egitasmoaren kontra mobilizatu dira. Oroitarazi behar da Ainhoa, Kanbo, Ezpeleta, Haltsu, Itsasu, Jatsu, Larresoro, Sara, Senpere, Zuraide eta Uztaritzen 126 kilometro karratuetan esploratzeko baimena eskatu duela. Michel pozik dago mobilizazioari esker jende anitz sentsibilizatu dutelako. Elkartea herri elkargo ohiko hautetsiekin biltzeaz gain, Sylviane Alaux diputatua, Ezpeletako Piperrak eta Ossau Iraty sor-markako ordezkariekin elkartu da gaiaz hausnartzeko. Orain, Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariaren sostengua lortu nahiko luke.

Ingurumena eta meategiak

Sudminek esplorazioak ingurumena errespetatuko duela ziurtatzen duen arren, elkarteen aburuz ingurumena eta meategiak ez dira bateragarriak. CADEko Martine Bouchete Salsigneko meategiaren kasua errepikatzeaz beldur da. Ikerketa batean oinarrituz, meategi ohitik datorren artsenikoa baiara kutsatzen duela dio. "Urrea dagoelarik, artsenikoa dago", gehitu du.

Michaël Laloua Sudmineko zuzendariak informazio hori okerra dela uste du. "Artsenikoa lehen mailako urrean dago. Guri interesatzen zaiguna bigarren maiakoa da. Ingurumenean eragina ez da behin betikoa izanen. Esploratuko diren guneak normaltasunera itzuliko dira", azaldu du. Herritarrak egitasmoan inplikatu eta "esplorazioak ingurumena errespetatu dezakeela frogatu nahi" duela erran du.

Proiektuaren kontra diren elkarteek laborantzaren defentsari lehentasuna ematen diote. Sudminek, ildo horretatik, esploratuko lukeen urrea Euskal Herrian landuko lukeela argudiatu du: "eskualdean bitxiak ekoizteko".

Kontsulta bukatu eta, txostena Ministeritzaren esku geldituko da. Gizarteak erabakia Estatuko lehendakaritzako hauteskundeak baino lehen agertzea espero du. Hori baino lehen, "elkarrekin oposatzeko" xedez, Stopmines elkarteak elkarretaratze bat antolatuko du otsailaren 11n 14.30etan Ezpeletako merkatuko plazan.