Kazeta

Baxe Nafarroa hazkunde garaian

Hazkunde tasa garrantzitsu batekin, Baxe Nafarroak biztanleak irabazi ditu azken urteetan. Ez da kasu bakarra Ipar Euskal Herrian.

Donibane Garaziko hazkunde taxa %5ekoa da 2009 eta 2014 artean.
Donibane Garaziko hazkunde taxa %5ekoa da 2009 eta 2014 artean.

Baxe Nafarroak gero eta biztanle gehiago ditu. Hain zuzen ere, 2009 eta 2014 artean %3,7koa da probintziako biztanleriaren garapena, urteka, batez-besteko hazkunde tasa %0,7koa delarik. Lurralde antolaketan aholkuari, eta 2010 eta 2012 artean "(A)ménageons le Pays Basque" Acadie kabinetaren ikerketarako koordinatzaile zen Mattiu Etxeberriren aburuz, Baxe Nafarroako hazkundea azpimarragarria da, eta erakargarritasunaren erakusleihoa da.

Ekonomiaren alorrean batez ere, Baxe Nafarroako herriak sekula baino erakargarriagoak dira gaur egun. Biztanle berriak instalatu ahala, lan postuak idekitzen dira, besteak beste, ostatuak, okindegiak, gizarte laguntza, eta tresneria berriak. Hori guztia ongi ikus daiteke Bastidan, Donibane Garazin edo Ortzaizen artisauen herriarekin.

Haatik, zentroan ez baizik eta periferian egiten dira aldaketa ekonomiko horiek, zentroak ondare berezitasunik ez daukalarik, periferian bizi nahiago duelako jendeak. Biztanle horiek ez dira baserritarrak, ez eta ere hiritarrak, baina bizimodu berriak dakartzate haiekin. Hala nola, bizi soziala zein kulturala areagotzen ari da Baxe Nafarroan: Samazeko festibala, Bidaxuneko ostegunak, edo buztinlarien merkatua Bastidan.

Ipar Euskal Herriko hazkundea

Baxe Nafarroaz gain, Ipar Euskal Herri osoan gertatzen denaz jabetu behar da, kostaldeko etxebizitza politikak eraginak baitauzka barnealdean, eta hiru multzo banan daitezke jadanik. Lehen multzoa Aturriren inguruan kokatzen da, Bidaxunetik Donapaleuraino. Horretan, bost urtez, Milafrangako hazkunde tasa %19koa da, eta Urketa eta Bardozekoa %10ekoa da. Bigarren multzoa Errobikoarena da. Uztaritzeko hazkunde tasa %11koa da, Kanbokoa %5ekoa, Arrosakoa %15ekoa, Bidarraikoa %10koa, eta Donibane Garazikoa %5ekoa. Hirugarren multzoa Urdazuri ibaiaren inguruan topatzen da. Azkaine, Ezpeletako herriak hartzen ditu multzo horrek %13ko hazkunde tasa batekin.

Izan ere, beti Mattiu Etxeberriren erranetan, multzokako ikuspegi hori aintzat hartu beharko lukete lurraldearen antolaketaz eta garraioez arduratuko diren hautetsiek. Munta handiko erronka da hori, duela gutti arte herri gisa kontsideratuak zirenak, hiri ttipi bilakatu baitira denboraren poderioz, eremu publikoa zaintzea gain, laborantza lurrak babestu beharko direlako.

Hala ere badago Ipar Euskal Herrian tendentzia hori "errespetatzen" ez duen eskualde bat: Xiberoa. Jakin behar da azken urteetan Xiberoak biztanleak galdu dituela egiazki, Baxe Nafarroak turismoari esker obratu duen aldaketa ez baitu lortu berak. Haatik, ekoizpen mailan karta nagusiak ditu jokatzeko: aeronautikoa, agroalimentazioa, eta espartinak. Probetxuak, aktibitate horietatik atera beharko ditu.