Kazeta

Hegazti gripearen kontrako neurriak "eraginik gabekoak" direla uste du ELBk

Hegazti gripearen kontra Estatu frantsesean jarri dituzten neurriak "eraginik gabekoak" direla pentsatzen du ELB sindikatuak. Bere ustez, birusaren hedapenari aurre egin eta aterabideak atzeman behar dira.

ELBk hegazti gripeari aurre egiteko neurriei buruzko informazioa eman du Domintxinen. ©Isabelle MIQUELESTORENA
ELBk hegazti gripeari aurre egiteko neurriei buruzko informazioa eman du Domintxinen. ©Isabelle MIQUELESTORENA

Bada hilabete batzuk Estatu frantses osoan alerta egoera ezarri dutela hegazti gripea dela eta. 2015eko egoerari alderatuta, eragiten ari den H5N8 birusa "askoz bortitzagoa" dela diote adituek. Mant Landesetako herrian kasu bat atzeman eta, Pirinio Atlantikoetako departamendua ere arriskuan dago. Gripeari aurre egiteko Gobernuak neurri zorrotzak plantan ezarri ditu. Ahate eta beste hegaztien ekoizleen aburuz, neurri horiek "eragin gabekoak" dira.

Prefekturak agindu duenez, hegaztien mugimendua debekatua dago departamendu osoan. Ekoizle tipiek gaizki hartu dute albistea eta ez dira arrunt ados bete behar dituzten neurriekin. Beren ustez, neurri horiek "zentzugabekoak eta inkoherenteak" dira.

"Ez dugu deialdi bat egiten neurri berriei bizkarra emateko", azpimarratu du Panpi Sainte-Marie ELBko kideak. Haatik, "ekoizle bat neurriak ez betetzeagatik zigortzen badute, gure sindikatuaren babesa jasoko du. Bere defentsarako deialdi kolektibo bat eginen dugu", erantsi du.

Sindikalistak azpimarratu du ekoizleek "arazoa ahalik eta hobekien kudeatzea" nahi dutela. "Gutariko bakoitzak beharrezkoak iruditzen zitzaizkion neurriak aplikatzen ditu. Ez legeak hala erraten digulako, baizik eta gure ardura delako", aipatu du.

Hiru arazo nagusi

Sainte-Marieren iritziz, "begi bistakoa da bada urte bat inposatu zituzten neurriek arazoa konpondu ez zutela". Hori dela eta, "ekoizle anitzek zalantzan eman dituzte". Bere aburuz, "arazoaren jatorria produkzio masiboaren eredua da".

Jean-Michel Berhok kriaxera deituriko arrazarekin lan egiten du. Bere ustez, honakoak dira hiru arazo nagusiak: "Hegaztien metaketa gune murriztuetan, baserri industrialeko ahateen ahulezia genetikoa, eta batez ere, birusa hedatzea eragiten duen garraioaren era".