Kazeta

Herri Urrats maiatzaren 14ean iraganen da lizeo berriaren alde

Aurtengo Herri Urrats "(h)aizu" lelopean iraganen da maiatzaren 14ean Senpereko aintziran. Iazko edizioak bezala, aurtengoak ere Bernat Etxepare lizeo berriaren alde joko du.

Herri Urrats "(h)aizu" lelopean iraganen da aurten. ©Bob Edme
Herri Urrats "(h)aizu" lelopean iraganen da aurten. ©Bob Edme

Seaska eta Herri Urratseko ordezkariek aurtengo edizioa aurkeztu dute Baionan urtarrilaren 18an. Ikastolen garapenerako beharrezkoa den ekimena maiatzaren 14ean iraganen da Senpereko aintziran. Aurten ere, irabaziak ikasturte berrian ateak irekiko dituen Bernat Etxepare lizeoari zuzenduko zaizkio. "(h)aizu" lelopean iraganen den bestaren logoa Bruno Aguerre euskal artistak sortu du.

"Herri Urrats, bere hizkuntzari, herri baten amodiozko deklarazioa da", nabarmendu dute agerraldian. Ikastolen bestan euskara ikasteaz gain, "euskaraz bizitzea eta euskal herritar izatea ikasten" dela ere uste dute antolatzaileek. Gisa berean, Senperen urtero antolatzen den ospakizunak Seaskak dituen proiektuak finantzatzeko funtsezkoa da. Aurten, Bernat Etxepare lizeoaren alde joko du.

Lizeoaren obrak 2016an hasi ziren eta "epean daudela" azaldu dute. Hain zuzen ere, eraikin nagusia, barnetegia eta jangelak eraikiak dira, barneko antolaketan ari dira langileak. Ekipamendua finantzatzeko xedez, udaz geroztik "Hazten gaitu, hazten dugu" kanpaina martxan dago. Gisa berean, lizeoko burasoek kanpaina berri bat abiatu dute. Lizeoak sare profesionala idekiko duenez, aprendizgo tasa eskuratu dezake. Ipar Euskal Herriko enpresek tasa hori lizeoari bideratu diezaiokete, otsailaren 28a baino lehen.

Euskal Elkargoari egindako deia

"(h)aizu" leloak esanahi anitzak izan dezakeela aipatu dute. Alde batetik, lizeoko ikasleek aspalditik duten borrokaren bat egin du, hots, Baxoa euskaraz pasatzearen aldekoa. "Baxoa euskaraz pasatzea haizu izan dadin, eta euskararen ofizialtasuna behingoz izan dadin HAIZU!", gehitu dute. Ildo horretatik, ofizialtasuna lortzeko helburuz, hautetsiei deia egin nahi dio. Azken horiek Pariseren zain egon ez daitezen.

Bestalde, Herri Urratseko elkarteak uste du Euskal Elkargoak euskararen aldeko eskumenak izan dezakeela. Euskal Elkargoari deia egin diote, ikastolen eraikuntzen gaia eskutan har dezan. "Era berean, lelo honen bidez deia egin nahi dugu, Euskal Herriko hiritar guztiei, euskara Seaskaren aldarrikapen hau sostenga dezaten, dezazuen", erantsi dute.

Logoan kolore anitzetako esku bat ikus daiteke. "Haizu ez denaren sinbolo eta era berean, aniztasunaren eta elkartasunaren ikonoa" dena. Aniztasun horren isla da lizeo berria kokatuko den auzoa. Justuki, hori erakutsiko dute lizeoko pareta batean, Bruno Aguerre, ikasleek eta agian auzoko artistek lagundurik.

Bectso saioa, urtarrilaren 28an

Euskal Herriko bertso txapelketako zortzi finalistak berriz ere taula gainera igoko dira Herri Urratsen alde. Hain zuzen, Sustrai Colina, Amets Arzalluz, Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi, Aitor Sarriegi eta Igor Elortzak urtarrilaren 28an Baionako antzokian antolatuko den Bectso saioan parte hartuko dute.

Txartelak dagoeneko salgai daude ikastola guztietan, Elkar dendan, baita Baionako antzokian ere. Gisa berean, Seaskako wegbunean ere eskuratu daitezke.