Kazeta

Lehiatilak berriz idekitzeko bilkura

Joan den abendu hasieratik segitzen duen gatazkari aterabide bat atzemateko bildu ziren atzo CGT sindikatua eta SNCFeko delegazio bat. Bilera luze baten ondotik, hitzarmen bat adosteko zorian lirateke bi alderdiak.

 

Hendaia, Donibane Lohizune, eta Biarritzeko trenbideko langileek mobilizaturik segitzen dute. @CGT
Hendaia, Donibane Lohizune, eta Biarritzeko trenbideko langileek mobilizaturik segitzen dute. @CGT

Arratsaldeko hiruretan hasi eta gaueko bederatzietan amaitu zen CGT sindikatu eta SNCFko delegazioaren arteko atzoko bilkura. Sei orenez, Biarritze, Donibane Lohizune eta Hendaiako lehiatilen hestea ukan dute eztabaidagai. Izan ere, urtarrilaren 2tik lehiatila horiek zerraturik darraite asteburuetan, eta horregatik, 2016ko abendu bukaeratik greban jartzen dira astelehenero langileak.

Gatazkari aterabide bat atzeman nahirik bildu ziren beraz atzo bi alderdiak, eta badirudi konponbidea miran dutela. Hain zuzen ere, Eskualdeko Kontseiluarekin landuriko proposamen batekin hurbildu ziren CGTko kideak : Egunka irailaren 30era arte iraunen duten bi zerbitzu galdegiten dituzte, apirilaren lehenetik Hendaian, eta ekainaren 6tik Donibane Lohizuenen eta Biarritzen. Horren ondotik, urriaren lehenetik, egunka zerbitzu bat nahi dute martxoaren 3ra arte Hendaian, eta maiatzaren 5era arte Donibane Lohizunen eta Biarritzen. CGT sindikatuak aurkezturiko kontsezioa onartuko luke SNCFak, baina deus ez da egina oraindik.

Jakin behar da sostengu zenbait ukan dituztela jadanik trenbideko langileek. Hala nola Donibane Lohizune zein Hendaiako auzapezak lehiatila heste horren kontra azaldu dira. Bestalde, SNCFeko zuzendaritzaren erabakia salatzeko, berrogaita hamar bat pertsona bildu ziren jadanik astelehenean Hendaiako geltokiaren aitzinean. Eta ez bakarrik trenbide langileak, baizik eta erabiltzaileak ere.

Horrez gain, beste hitzordu batzuk iragarri ditu CGT sindikatuak. Hala nola biltzar nagusia antolatuko dute ostiralean arratseko 5:30ean Hendaian, eta oren bat berantago, "la palombe bleue" izeneko gaueko trenaren mantentzearen aldeko elkarretaratzearekin segituko dute. Bere aldetik, mobilizazio horiek sustengatzen ditu LABek. Komunikatu batean, zerbitzu publikoa atxikitzea beharrezkoa dela azpimarratzen du, eta CGT sindikatuko trenbideko errebendikazioak bere egiten dituela jakinarazi du.