Idoia ERASO

FIPA: munduko gaitzen terapia

Konponbideak erakusten dituzten filmak aurkeztuko dituzte nagusiki aurtengo nazioarteko ikus-entzuneko ekoizpenaren jaialdian, urtarrilaren 24etik 29ra.

Inkotanyi- Fipa
Inkotanyi- Fipa

30. urteurrena ospatzeko ekitaldi handirik egingo ez badute ere, aurtengo edizioa "bereziki ederra eta indartsua" izanen dela baieztatu zuen Didier Decoin jaialdiko presidenteak. Munduari begiratuta "terapia" gisakoa izango dela baieztatu zuen. 2016koa munduko sufrimenduen ispilu izan bazen, 2017an "gizakia gizakiari laguntzen" erakusten duten filmak jaialdiaren ezaugarri nagusi izan daitezkeela nabarmendu zuen. "Bizitzaren aldeko borroka eta tema" edizio honetako ikus-entzunezko anitzetan atzematen dela gaineratu zuen. Emakume borrokalarien tokia ere handia dela nabarmendu zuen.

François Sauvagnargues zuzendari nagusiak "politikari buruzko" filmen nagusitasuna azpimarratu zuen. "Jende guztiari interesatzen zaizkion gaiak dira, eta aktualitate berokoa da populismoaren igoerarekin eta gobernuen boterea zalantzan jartzen duten joerekin". Horren erakusle, Ada Colau Bartzelonako auzapezari eta New Delhiko alkateari buruz egindako dokumentalak aipatu zituen, baita Errusian Vladimir Putinen kontrako borrokei buruzkoak ere.

Urtero ikus-entzunezkoetan dauden joera berriak erakusten dituen Smart Fipa ataleko filmetako bat hautatu dute irekierarako. Lehen aldiz ehunka pertsonaren parte-hartze elektronikoa ahalbidetuko da. Estatu frantseseko "Tantale" film interaktiboak emango dio hasiera FIPAri, eta ikusleek smartphone-arekin argumentuaren norabidea hautatu ahal izango dute.

Pantailarik gabe

Gare du Midi antzokian 400 pertsona inguru sartzen dira, eta gaualdirako wifi errepikatzaile bereziak ezarriko dira: "Teknikoki inoiz ez da egin hainbeste jende dagoen toki batean", erran zuen Decoinek.

Smart Fipa-k pantailarik gabeko irudian lan egiten duten proiektu aitzindariak ekarriko ditu aurten Lapurdiko kostaldera. "Iraultza" bat izango dela nabarmendu zuen Sauvagnarguesek. Hologramen bitartez egindako obrak izango dira, non filmeko pertsonaiak ikusleekin nahasten diren.

Profesionalei zuzenduriko jaialdia izanik ere, antolatzaileek sekzio honetako ekintzak publiko zabalari irekiak direla azpimarratu zuten. Eta aurreko urteetan bertaratutako 25.000 ikusleen muga gainditzea espero dute.

Ikuspegi teknikotik bezala, gaiei eta ikus-entzunezko narratibari dagokionez ere «joera berriak aitzinatzen joateko festibal garrantzitsuenetakoa» dela adierazi zuen Sauvagnarguesek. Izan ere, mundu osoko 123 obra aurkeztuko dira sei egunez, beste hainbeste ataletan.

Kanada

Kanadaren hautaketa horrela azaldu zuen zuzendari nagusiak: "Telebistan eta zineman urtero aldatzen den herrialdea da, gainera Europarekin alderatuta ikus-entzunezko komunikazioan pixka bat aitzinatua dago, eta interesgarria izango da zer egin duten ikustea, beraien esperientzia baliatzea".

Ipar Amerikako herrialdeko kultura anglofono eta frankofonoak egongo dira ordezkatuak egindako hautaketan. Bertaratutako kanadarren artean ere aniztasuna izango da, erakundeetako kideekin batera, profesionalak eta beste eremu artistikoetako 30 ordezkari izango baitira. Ugaritasuna ekimenen kopuruan ere agerian geldituko da, 46 ekitaldi ezberdin antolatu baitituzte, aurreko edizioetan baino askoz gehiago.