Kazeta

Jon Palaisen kontrako auzira joateko deialdia luzatu du Bizik

Parisen eginiko aulki "bahiketetako" batean parte hartzeagatik, urtarrilaren 9an Jon Palais Biziko militantea auziperatua izanen da Akizen. Elkarteak auzira joateko deia luzatu du Baionako autobus geltokiko iragarki tauletan.

Iruzur fiskalaren kontrako mezuak irakurgai dira iragarki tauletan. ©Bizi
Iruzur fiskalaren kontrako mezuak irakurgai dira iragarki tauletan. ©Bizi

Bizik Jon Palaisen aldeko kanpaina segitzen du. Hitzaldiak eta Baionako banku batean ekimen sinboliko bat burutzeaz gain, hiriko autobus geltokiko iragarki tauletara jo du. Urtarrilaren 1az geroztik, urtarrilaren 9an Akizen iraganen den auzira joateko mezuak irakurgai dira aipatu tauletan.

Lapurreta delitua leporatu diote Jon Palais militanteari. Bost urteko espetxeratzea eta 75.000 euroko isuna arriskatzen ditu. Oroitarazi behar da, Parisen eginiko aulki "bahiketetako" batean parte hartzea leporatzen diotela. Nahiz eta dozenaka lagunek ekimenean parte hartu zuten, Palais auzitara eraman duten bakarra da.

Epaiketa egunean hainbat animazio prestatu ditu elkarteak. Hain zuzen, epaitegiaren aitzinean 13.00etan auzia bera irudikatzeko elkarretaratzea eginen du. Estatu frantseseko politikari eta militante erreferenteak hurbilduko dira. Hala nola, Edgar Martin, Genève Azam, Laurent Pinatel, Txetx Etcheverry eta Patrick Viveret.

Epaiketa egunerako autobusak antolatu ditu mugimenduak Baionatik, baita Donibane Garazitik ere.